'Monos' filmak irabazi du Gehituren XX. Sebastiane Saria
Alejandro Landes zuzendariaren Monos filmak irabazi du Gehitu elkartearen XX. Sebastiane Saria. Epaimahaia osatu dute elkarteko sei bazkidek, eta igorri duten aktan, film kolonbiarra hautatzeko arrazoiak eman dituzte. Alde batetik, “dikotomia binarioa lausotzen den mundu batean”, pelikulak gauza guztien bi aldeetan eta inon ere ezartzen ez den istorioa eskaintzen duela baieztatu dute. “Onen eta txarren filmak, gay eta heteroak, gizonaren eta emakumearen arteko bereizketa, biktima eta gaizkilea… benetako eztabaidetatik kanporatzen gaituzten binomioak dira”, adierazi dute.
Bestetik, zuzendariak erabiltzen dituen baliabideak ere kontuan hartu dituzte: “Zinema mailan Alejandro Landes-ek ez ditu goi-lautadak, oihanak eta ibaiak antzezleku gisa erabiltzen, talde bateko egoera emozionalak azaltzeko baizik. Talde horretan, agintari moral bakarra Rambo deitzen da eta pertsonaia queer bat da”.
Joseba Rekalde eta Lander Berges Gehituko kideek Sebastiane sarien berri eman dute Zurriolako Butaka saioan, Berria, Hamaika, Gaztezulo, Zinea.eus, Kanaldude eta IRUTXULOKO HITZAren arteko elkarlanetik sortutako euskarazko telebista saioan.