Morlanstarrak auzo elkarteak egoitza inauguratu du
Iritsi da eguna. Morlanstarrak auzo elkarteak egoitza inauguratu du, gaur arratsaldean. Donostiako Udalak duela pare bat urte egin zion lokalaren lagapena, eta ordutik erabili badute ere, txukuntzeko denbora hartu dute. Azkenik, ateak ireki dizkiete auzotarrei, eta euren asmoa da egoitza eragileek ere erabiltzea.
Inaugurazioan izan da Eneko Goia alkatea udaleko beste alderdietako ordezkariekin batera. Hala nola, Reyes Carrere EH Bilduko bozeramailea, Duñike Agirrezabalaga eta Enrique Ramos PSE-EEko zinegotziak, eta Haizea Garaia Elkarrekin Donostiaren zinegotzia. Dantza batekin abiatu dute inaugurazio ekitaldia, Udaleko Txistulari Bandaren doinuekin. Ondoren, alkateak eta elkarteko ordezkariek hartu dute hitza. Azkenik, zinta moztu dute eta egoitzaren atea zabaldu dute.
Auzotar ugari joan dira egoitzaren inauguraziora. Behin barrura sartuta, auzoaren garapenaren argazki erakusketa bat jarri dute, eta pantaila batean Morlansi loturiko informazio interesgarria erakutsi dute. Haur, gazte zein helduek izan dute aukera egoitza ezagutzeko.
IRUTXULOKO HITZAk Morlanstarrak auzo elkarteko kideekin hitz egin du, eta ostiraleko astekarian irakurri ahal izango da erreportajea.