Zortzigarren Revolution Jamrock jaialdia Intxaurrondon egingo dute
Urriaren 18an eta 19an izango da 8. Revolution Jamrock festa. Berrikuntza nagusiena leku aldaketa da. Egiako Gazteszenatik Intxaurrondo Kultur Etxera eramango dute reggae jaialdia.
Max Romeo legenda Jamaikatik Donostiara etorriko da aurreneko aldiz. Xana Romeo alaba eta Charmax Band taldea izango ditu alboan. 70eko hamarkadako artista ezagunarekin batera ariko dira General Levy (Ingalaterra) –Donostian filmaturiko bideoklipa aurkeztuko du–, Tracy de Sa (India), Mistilla (Italia), Bojaman and Grompy (EH), Bass Herri Sound System (EH), Elsa K.Bless (EH), Eira, Gustab and Ras Lujah (EH) eta Revolutionary Brothers (EH).
Hain zuzen ere, Revolutionary Brothers anaiek Youth Riddim lan berria plazaratu dute binilo formatuan, eta hamabi artisten musika jasotzen du.
Bi eguneko abonamenduak 25 euro balio ditu. Aldiz, lehen eguneko sarrera 14 eurokoa da (12 euro aurrez), eta bigarren egunekoa 18 eurokoa (16 euro aurrez).
- Urriak 18, ostirala (22:00): General Levy, Bojaman and Grompy, Bass Herri Sound System eta Revolutionary Brothers.
- Urriak 19, larunbata (22:00): Max Romeo, Tracy de Sa, Mistilla, Elsa K.Bless eta Eira, Gustab and Ras Lujah.