36ko gerrako memoria
Aurten 80 urte bete dira 36ko gerra bukatu zenetik, eta, aitzakia horrekin, Erresistentzia eta duintasuna erakusketa antolatu dute Aitor Azurki kazetariak eta Aitzol Arroyo historialariak Koldo Mitxelenan. Beraiekin eta Iñaki Egaña historialariarekin elkartu gara gerra Donostian nolakoa izan zen jakiteko.
Ia bi hilabeteko erresistentzia gogorra egin zieten herritarrek militar kolpistei, eskura zituzten arma xumeekin. Erresistentzia hori eta Loiolako kuartelen setioa nolakoa izan zen azaldu digute Azurkik, Arroyok eta Egañak, baita hiriaren ebakuazioa eta ondorengo errepresioa nolakoak izan ziren ere.
Bestalde, gerrako ikuspuntu pertsonalak ere jaso nahi izan ditugu, testigantzen bidez historia ulertzeko. Alde batetik, Benito Berasaluze Ondarretako kartzelan preso egondako Villabonako borrokalari errepublikanoaren istorioa ezagutu dugu, ia 90 urte dituen Maritxu Berasaluze bere alabaren eskutik. Ondo gogoratzen du Maritxuk nola joaten zen Ondarretara bere aita bisitatzera, eta zer nolako ongietorria egin zioten herrian kartzelatik atera zenean. Bestetik, Santiago Caballeroren ibilbidea kontatu digute Iñaki Caballero eta Santiago Etxegarai bere ilobek. Donostiar komunista gaztea zen Caballero gerra piztu zenean, eta sei kartzelatatik pasa zen, tartean Ondarretakotik. Bere ideiak hil zen egunera arte mantendu zituela kontatu digute bere ilobek, eta,askatasuna eskuratu ondoren ere, Franco Donostiara uda pasatzera etortzen zenean Martuteneko kartzelan sartzen zutela. Erreportaje osoa biharko astekarian egongo da irakugai.