"Ez dago erabakirik hartuta"
Arte Ederren eraikinaren etorkizuna kolokan utzi du udalaren eta SADE enpresaren arteko akordio ezak. Orain, talka berri bat sortu da oposizioko alderdien eta udal gobernuaren artean. Gardentasun falta salatu du oposizioak, baina Hirigintza zinegotziak hori ez dela horrela.
Zein da Arte Ederretako eraikinaren etorkizun hurbila, eta gertuago dago bere bigarren zatiaren eraisketa?
Eraikinaren barruko zati bat eraisteko baimena eskatu zuen SADE enpresak, eta une honetan dokumentazioa aztertzen jarraitzen du udalak. Ez dago erabakirik hartuta.
SADE da jabea eta negoziaketa ez da erraza izaten ari hasieratik. Udal gobernuaren borondatea zein da?
Hasieratik udal gobernuaren borondatea eraikina zutik mantentzea izan da. Ez da inoiz aztertu eraikina guztiz eraistea eragile eta alderdi politiko batzuek horrela esan badute ere. Eraikinak babes maila bat du, eta horren arabera, ezin da guztiz bota. Beraz, hasieratik udalaren nahia izan da eta izaten jarraitzen du, babes maila eta erabilera uztartzen duen irtenbidea lortzea.
Oposizioko hiru alderdiek Arte Ederren kasuan gardentasun eza egon dela salatu dute. Zuen ustez, horrela da?
Ez dugu uste gardentasun falta egon denik. Eskatzen duten txostena aurkezteko bilera bat egingo da aste honetan bertan eta udal talde guztiei emango zaie.
Oposizioko alderdiek diote Pedro Ponce Leon arkitektoaren txostena ez duela gustuko udal gobernuak, zati partziala eraistearen kontra dagoelako. Hori horrela da?
Udal gobernuak ez du adierazi gustuko ez duenik. Txosten bat da eta udal gobernuak kontuan hartuko du, horrelako txosten bat kontuan hartu behar den heinean.
Bere garaian udal gobernuko bi alderdiek iritzi desberdina zenuten Arte Ederren eraikinaren inguruan. Posizio horiek mantentzen dira?
Irtenbide bat lortu zen erabilera eta babes maila uztartzeko, baina horretarako Plan Orokorra aldatu behar zen han etxebizitzak egitea ahalbidetzeko. Horretan iritzi ezberdinak izan zituen udal gobernuak, eta ondorioz, irtenbidea ez zen gauzatu. Udal gobernuak argi du eraikinaren erabilera eta babes maila bermatu behar direla.
Zein da eraikinaren irtenbide erreala, zati bati hirugarren sektoreko erabilera ematea edo hotel bat jartzea, eta gainerako eremuan zinema bat jartzea?
Han zer jarriko den eraikinaren jabeak esan beharko du, eta beti, jarriko duena izan beharko da hirigintza arauek baimentzen dutenaren araberakoa. Udalak ezin du erabaki zer jarriko den eraikin horretan, ez baita jabea.
HOEBPB berritu eta osatzeko prozesua abiatu zen. Arte Ederren eraikinari babes handiagoa emateko aukera dago, nahiz eta jabetza pribatukoa izan?
Babes handiagoa ematea badago, baina jakin behar da orain arte epaile ezberdinek hartutako erabakiaren arabera, jabea ez dagoela behartuta eraikina berregiteak ekarri ditzakeen gastu guztiak bere gain hartzea.
Udal gobernuak aztertu du zinematografoari babes bereziren bat ematea?
Jakina. Bere garaian horregatik babestu zuen HOEBPB-en azaltzen den babes mailarekin.