Auzo izaera indartu nahi dute
Morlanstarrak auzo elkarteak, bederatzi urteko bidea beteta, egoitza inauguratu du. Auzoaren elkargune izatea nahi dute, herritarrei zein eragileei irekia.
Morlans nabarmen hazi zen duela hamar bat urte. Amaran kokatu ohi da maiz, baina beheko etxebizitzak eraiki zirenetik auzo izaera aldarrikatzen dute. Horrela, 2012an Morlanstarrak auzo elkartea sortu zuten, zeuden beharrei aurre egiteko eta auzoaren goiko zein beheko aldean bizi diren herritarrei laguntzeko. 2013an Morlansko lehen festak antolatu zituzten, eta ordutik jarduera ugari egin dituzte. 2019ko urrian, azkenik, egoitza inauguratu dute.
Auzoaren goiko aldean, Aieteko Puio mendiaren aldera dagoen magalean, elkarte bat izan zuten eta jaiak antolatzen zituzten. Ordea, elkartea itxi egin zuten eta auzo izaera zertxobait galdu zen. Beheko aldean etxebizitza berriak egin zirenean, hara bizitzera joan zirenek auzoaren osotasuna aintzat hartuko zuen elkarte berria jarri zuten abian. «Beharren arabera hasi ginen lanean, eta hainbat batzorde sortu genituen», dio Ana Urrestarazuk, Morlanstarrak auzo elkarteko kideak.
Euskara batzordea, berdintasuneko talde bat, jaietako batzordea eta danborrada sortu zituzten. «Etxebizitza askoren atariak mendiaren aldean kokatu zituzten, eta puntu kritiko ugari daude auzoan. Udalarekin elkarlanean aritu gara puntu kritikoen mapan ager daitezen Morlansko leku ilun horiek». Hain zuzen ere, Arbaizenea basoaren alboan dauden etxebizitzak dira horiek. Basoa bera babesteko egitasmoak ere egin dituzte. «Donostiako birikaren zati bat da, eta zaindu behar dugu», azpimarratu du Urrestarazuk.
Kezka nagusiak
Donostiako Udalak zuzkidurazko 157 etxebizitza egiteko asmoa du Morlansen, eta horrekin kezkatuta daude auzo elkartekoak. «Guretzat arazo handi bat da. Hiriaren Plan Orokorrean partzela bat aurreikusi zen auzoaren zerbitzuetarako, eta hain justu, leku horretan eraiki nahi dituzte etxeak», azaldu du Urrestarazuk. «Gure auzoa ez da lotara etortzeko, bizitzeko nahi dugu, eta horretarako zerbitzuak behar ditugu».
Etxebizitza horiek auzoari oztopo berriak ekarriko dizkiotela uste dute. «Aparkatzeko zailtasunak ditugu dagoeneko, eta arazoa areagotuko du. Era berean, Arbaizenea basoa kaltetuko du hirigintza proiektu horrek». Udalarekin harremanetan daude euren ikuspegia zein den adierazteko.
Beste kezka batzuk ere badituzte. Udalak mikrobus zerbitzu bat jarri zuen auzoaren beheko eta goiko aldeak elkartzeko, eta jakin dutenez maiztasuna gutxituko dute. «Adineko pertsonak bizi dira goiko aldean, eta oso kezkatuta daude». Bestalde, metroaren lanen eraginez auzoko bidegorria kaltetua dago, eta hainbat istripu gertatu dira koska arriskutsu bat dagoelako.
Egoitzaren helburua
Auzoan soilik taberna bat dago eta ez dago komertziorik. Horrela, udalari elkartzeko egoitza bat eskatu zioten. Duela pare bat urte egin zieten lagapena, eta denbora behar izan dute egokitzeko. Inauguratu berritan, ateak ireki dizkiete auzotarrei eta eragileei.