Euskara Tabakalerako Digital Gastronomy Lab-eko menutik kanpo geratu da
Tabakalerako azken pisuan dagoen LABe jatetxeko menua eta pantailak gaztelania hutsean daude.
Euskarak ez du lekurik Tabakalerako LABe Digital Gastronomy Lab jatetxean. Izan ere, menua aukeratzeko erabiltzen dituzten tabletak eta prest dauden plateren berri emateko pantaila gaztelania hutsean daude, eta erabiltzaileak ez dauka euskara hizkuntza gisa hautatzeko modurik.
Gunea Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Aldundiaren eta Donostiako Udalaren babesarekin sortu zuten uztailean, eta bere kudeaketa Basque Culinary Centerri dagokio. Aurkezpen ekitaldian, gune berriaren helburua “etorkizuneko gastronomia birpentsatzea” dela azaldu zuten bere sustatzaileek.