"Hitz-jokoak asko atsegin ditut, baina txarra naiz txisteak kontatzen. Hori beste arte bat da"
Une honetan hiru musika proiektutan dabil murgilduta, eta datozen urteetarako ere jada badu zeregina. Gainera, bere Twitter kontuan egunero egiten dituen hitz-jokoek egundoko arrakasta dute. Sormenerako gaitasun ukaezina dauka Iker Laurobak.
Zergatik aukeratu duzu Mandragora taberna?
Bost edo sei urte daramatzat hemen ondoan bizitzen, eta aurretik ere ezagutzen nuen. Kafe ebakia hartzen dut beti, Baileys eta izotzekin, eta hemen beste inon baino hobea jartzen didate. Oso leku atsegina da.
Pare bat aldiz itxuraldatu dute azken urteetan, ezta?
Estilo aldetik ‘donostiartu’ egin da, baina xarma izaten jarraitzen du.
Zertan ari zara orain?
Izarorekin diskoa grabatu berri dugu, eta nire diskoa oraintxe amaitzen ari naiz. Horrez gain, Ainhoa Larrañagarekin jotzen nabil, eta berarekin ere diskoa grabatzen hasteko asmoa dugu.
Hiru disko hilabete gutxian. Ez duzu burua galduko?
Pixka bat galdu dut jada…
Eta zure disko berri hori? Zer da?
Nire asmoa da lau urteko epean nire lau disko argitaratzea. Iaz Udazkena izenekoa atera nuen, eta orain Negua argitaratuko dut. Hurrengo urterako, berriz, Udaberria ari naiz prestatzen.
Nondik dator urtaroen kontu hori?
Honekin hasi nintzenean, nire asmoa ez zen urtaro bakoitzari disko bat eskaintzea. Udazkena kaleratu aurretik, jabetu nintzen abesti guztiak, bat izan ezik, iazko udazkenean idatzi nituela, eta denek nolabaiteko lotura bat zuten udazkenarekin. Kutsu melankoliko bat zuten, eta diskoari izen hori jartzea erabaki nuen.
Gerora etorri zitzaidan urtaro bakoitzari abesti batzuk egiteko ideia. Bakoitza bere nortasunarekin. Negua ilunagoa izango da, eta Udaberria-rentzako melodia berri batzuen bila nabil. Uda, aldiz, ez dakit nolakoa izango den. Hori gehiago kostako zaidala uste dut.
Erromeria kantak sartu ditzakezu hor.
Ba, bai, La barbacoa eta horrelakoak. Ez da ideia txarra. Pentsatuko dut.
Nolakoa izan ohi da disko baten grabaketa prozesua?
Ordu askoko lana da. Onena beti da gauzak aurretik ondo prestatuta eramatea. Alegia, estudiora sartu baino lehen, nahi duzuna zer den argi izan behar duzu.
Izarorekin, adibidez, grabaketa uztailean hasi genuen, baina abestiak urtarriletik jotzen genituen. Maketa bat ere grabatu dugu aurretik, dena ondo entzun eta perspektiba batetik ikusteko.
Zenbat orduz egon zaitezkete estudio barruan sartuta?
Gogoratzen dut, behin, Laurobaren azken diskoa Mutrikun grabatzen ari ginela, herrian kontzertu bat jo behar genuela. Ostirala zen, eta 23:00etan estudio ondoko taberna batean hasi behar genuen jotzen. Goizean goizetik egon ginen grabatzen, eta nik egun horretan ahotsak egin behar nituen. Kontua da, ahotsa ongi berotzea lortzen duzunean, gutxitan bezalako soinua ateratzen zaizula, eta hori aprobetxatu beharra dago. Hain nengoen gustura, taldekideek dena muntatzen zuten bitartean nik grabatzen jarraitu nuela, eta hor ibili nintzen zuzenean kontzertura joan nintzen arte.
Kontzertu itzela izango zen.
Ba, bai. Bero-bero igo nintzen oholtza gainera!
Non grabatzen duzu orain?
Garai batean nire etxean grabatzen nuen, baina azpian parke bat daukat, eta umeen garrasiak grabaketetan sartzen zitzaizkidan. Horregatik, amaren trastelekua intsonorizatu nuen eta hor grabatzen dut orain.
Zure etxea agertoki bilakatu izan duzu ere, ezta?
Bai, eta laster hori berreskuratzeko asmoa daukat. Udazkena-ren aurkezpena egiteko kontzertu sorta bat antolatu nahi nuen, baina inoiz baino gehiago kostatu zitzaidan agertokiak lotzea. Diskoa aurkeztu nahi nuen, baina ez neukan non, eta horren harira hasi nintzen etxean kontzertuak antolatzen.
Gauza da duela bi urte Europan zehar eginiko bira baten ostean, Groningeneko (Herbehereak) tipo batek bere hirian hiru kontzertu jotzea proposatu zigula Sara Azurza eta bioi, eta hara joatera animatu ginen. Kontzertuetako bat etxe bateko egongelan izan zen, eta jendez bete zen, sekulako giroarekin. Gero jam session bat eta guzti egin genuen, eta zoragarria izan zen. Hortik atera nuen hori hemen egiteko ideia, eta Leire Leturekin batera, hilero kontzertuak antolatzen hasi nintzen.
Musikaz gain, Twitterren hitzekin jolastea ere atsegin duzu. Etengabe ari zara hitz jokoak pentsatzen? Zer da, obsesio moduko bat edo?
Nire barnean entzuten ditut! Batzuetan, hitz baten inguruan hasten naiz pentsatzen eta esaldiak sortzen ditut, baina kasu gehienetan automatikoki datozkit burura. Gauza kuriosoa da.
Asko atsegin dut hizkuntzen artean sor daitekeen joko hori. Adibidez: ¿Pudiste dormir de pie? Lo in tente! Hori Kuban otu zitzaidan, oporretan lagun batzuekin lotan ari nintzela. Goiko ohatzean, kubatar bat eta lagun bat hitz egiten ari ziren, eta kubatarrak «lo intenté» esan zion besteari. Nire buruak, ordea, lo in tente atera zuen hortik. Garuna jada horretarako prest daukat.
Nonbait gordeko dituzu, ezta?
Ez, eta pena hori daukat. Momentuz txiokatu besterik ez ditut egiten, baina Izarok beti esaten dit liburu bat atera beharko nukeela. Eta, egia esan, egun oparoetan hitz-joko dezente atera ditzaket. Ziur nago horrekin liburuxka bat osatzeko moduan egongo nintzatekeela!
Oholtza gainean zaudela bakarrizketak egiten hasi zaitezke.
Uf, ez pentsa. Gero nahiko txarra naiz txisteak kontatzen. Hori beste arte bat da, eta nahiago dut bakarrizketak abilezia hori dutenei uztea.
HAMABIETAN BERMUTA. Kafesnea izotzekin eta patatak.
Non. Mandragora taberna (Antigua).
Prezioa: 3 euro.