'Kalea(n) bizi' proiektua egingo dute Egia auzoan
Hiriko espazio publikoa eraldatu, berritu eta pertsonentzako gune berriak diseinatzea du helburu Kalea(n) bizi proiektuak. Datorren asteartetik hilaren 27ra bitarte, hainbat jarduera egingo dituzte Egia auzoan. Hala nola, lantegiak, espedizioak, esku hartze artistikoak eta hitzaldiak.
Maria Melo eta Maddalen Miner arkitekto donostiarrak dira egitasmoaren arduradunak. MartxUp! programan parte hartu zuten eta euren proiektua abian jartzeko formazioa zein laguntza jaso zuten. Euren ideia landu ostean, auzoko eragile eta bizilagunekin elkarlanean aritu dira lehendik dauden ekimenak, proiektuak eta plataformen topaketa errazteko eta berrien garapena sustatzeko.
Antolatu dituzten jardueren berri emateko, informazio puntu bat egongo da Plaza Haundin. Kutxa finko bat jarriko dute egitarauaren berri emateko; baita iradokizunak jasotzeko ere. Aldi berean, elkargune puntu bilakatuko da.
Jarduerak
Arkitektura efimeroaren kontzeptupean argia, musika edota margolanen bidez argitasun falta duten puntuak edota kritikoak direnak hobetuko dira. Esaterako, Maldatxo kalean Elena Scarattik egindako esku hartze bat izango da lantegi moduan hilaren 13an eta 20an. Bestalde, jokoak margotuko dira kalean bai soziabilitatea eta baita psikomotrizitatea ere lantzeko. Lantegiak ere antolatu dira komunitatearen ongizatea jorratzeko asmoz.
Gainera, auzoan barrena hainbat espedizio egingo dira, bertako beharrak eta horien kausak identifikatzeko. Adineko jendea eta gazteak izango dute protagonismo handia; izan ere, bi adin tarte hauetan auzoak dituen zailtasunak eta aukerak aztertuko dituzte.
Espazio publikoa handitzeko parklet-ak, espaloi luzapenak, jarriko dira autoak aparkatzeko lekuetan Egia kalean eta Xabier Aizarna inguruan. Instalazio horiek herritarrek hirietan (hiriguneetan, parketan edota lorategitan) espazio publiko gehiago izan dezaten diseinatu dira.
Itxiera moduan, jaialdi bat antolatu da hilaren 26an Plaza Haundin. Erakusketa eta ikus-entzunezkoen bidez proiektuaren nondik norakoak azalduko dira jai giroan.