Donostiako Udalak ez du baimenduko Arte Ederren eraikina eraistea
Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziak ostiralean helarazi zien oposizioan dauden udal taldeei Hirigintza saileko arkitektoaren txostena. Hain zuzen ere, Arte Ederren eraikinaren zati bat eraisteko SADEk egindako eskaera baztertzea proposatu du.
Pasa den astean, eskaera horren aurrean udalak erabakirik ez zuela hartu adierazi zion Arzallusek IRUTXULOKO HITZAri. Azkenik, ordea, udal arkitektoaren gomendioak aintzat hartuko dituela zabaldu du egunkari batek. Iraila bukaeran agerraldia egin zuten EH Bildu, PP eta Elkarrekin Donostia udal taldeek udal gobernuaren “gardentasun falta” salatzeko. Orduan adierazi zuten udalak ez zietela helarazi nahi izan eskaeraren inguruko txosten guztiak. Arzallusek, ordea, hori ez dela horrela azpimarratu zuen.
Hirigintza saileko arkitektoaren argudiaketaren arabera, eraikinaren harira emandako azken epaiak dio eraikineko habeak “konpondu” behar direla. Ordea, SADEk eskatu zuen eraikinaren erdiguneko elementu guztiak kendu eta “hustutzea”. Hori dela eta, arkitektoa jabeari baimena ematearen kontra agertu da, ez delako gauza bera “konpontzea” eta “eraistea”.
Bestalde, Arzallusek Pedro Ponce Leon arkitektoak egindako txostena ere helarazi dio oposizioari. Arte Ederren eraikinean “ahalik eta azkarren” egin beharreko lanak azpimarratzen ditu ikerketak. Fatxadak, estalkiak eta barneko egiturak hobetzeko lanak egitea gomendatu du. Ikerketa berak dio Arte Ederren eraikina ez dagoela erortzeko zorian, nahiz eta duela 20 urte horrela zegoela adierazi. “Azken hamar urteetan ez du okerrera egin”, nabarmendu du.