"Erantzuna aurreikusi daiteke txostenek diotenarengatik"
Hilabetea bukatu aurretik erantzungo dio SADE enpresari Donostiako Udalak. Arte Ederren eraikinaren zati bat eraistea eskatu zuten, eta Eneko Goia alkateak aurreratu duenez udalak ez du baimenduko. Hirigintza saileko arkitektoak egindako txostena eskaera horren kontrakoa da, eta beraz, “erantzuna aurreikusi” daitekeela esan du Goiak.
Aurrez kupula eraisteko eskaera egin zuen SADEk, eta udalak baimendu zuen. Bigarren eskaerak, ordea, ez du aldeko erantzunik izango. Dena dela, Goiak udalaren borondatea berretsi du eraikinaren jabearekin “akordio orekatu” batetara iristeko. “Ez da erraza izango, baina uste dugu hiriarentzat eta udalarentzat garrantzitsua dela”.
Adostasunik lortzen ez bada egoera arriskutsua izango dela gaineratu du. “Batetik, eraikina bera arriskuan jarriko luke, eta bestetik, udalarentzat ekonomikoki arriskutsua izan daiteke. Izan ere, asko hitz egiten da udalak enpresa desjabetzeaz, baina ez da kontziente horrek eragin dezakeen galera nolakoa den. Desjabetzea ez da aukera bat”, azpimarratu du alkateak.