Gizarte laguntzarako 51 etxebizitza eraikiko ditu Matia Fundazioak
Donostiako Udalak onartu du Matia-Ingema Institutu Gerontologikoaren Fundazioaren eskaera. Horrela, Lugaritzen duten eremuaren zati batean eraikitzeko lizentzia izango dute. Gizarte laguntzarako 51 etxebizitza egingo dituzte eta hiru living lab ortogeriatrikoak.
Lugaritz Proiektua: Zahartzaroko berrikuntza gunea da proiektuaren izena, eta 2008an jarri zen abian. Udal gobernuak aurreko legealdian berreskuratu zuen, eta azkenik lortu dute bideratzea. Eneko Goiak alkateak adierazi duenez, EAJk “hiru milioi euro lortu zituen” proiekturako Espainiako aurrekontuak negoziatu zituenean. Diru hori eskura du Ingemak lanak egiten dituenerako, eta Goiak gaineratu du obrak epe motzean hasiko direla.
“Niretzako, bereziki, berri ona da. Denbora da Lugaritzen horrelako zerbitzu bat eskaintzeko asmoa genuela. Gainera, lagungarria izango da Gurutze auzoa Zarautz hiribidearen lotzeko mugikortasun bertikalaren bidez. Bi igogailu aurreikusten dira eta proiektu beraren parte dira”, azaldu du Goiak.
Gizarte laguntzarako etxebizitzekin batera, ikerketa zentro bat aurreikusten du proiektuak. Era berean, bizitza osorako ostatu hartzeko tokiak, eguneko zentro bat eta hainbat gune komun; plaza eta kafetegia, besteak beste.