Otsailean izango da Kote Cabezudoren aurkako bigarren epaiketa
Kote Cabezudo argazkilaria bigarrenez epaituko dute otsailean, Efe agentziak jakitera eman duenez. Oraingoan, “kontratuak faltsutzeagatik” eta “epaiketan dokumentu faltsuak erabiltzeagatik” eseriko da epaitegian. Fiskaltzak zortzi hilabeteko kartzela zigorra eskatu du, eta herri akusazioak, berriz, lau urteko espetxe zigorra.
Iragan uztailean bi urte eta hiru hilabeteko kartzela zigorra ezarri zioten justizia oztopatzeagatik, eta berarentzat lan egindako modelo bat “behartzeagatik”. Zehazki, bilutsik ageri den modelo horren argazki batzuk igo zituen sare sozial batetara.
Aipaturiko sententzia eta otsailean izango duen bigarren epaiketaz gain, bada beste aparteko zati bat auzibidean. Fiskaltzak bederatzi hilabeteko kartzela zigorra eskatu du Cabezudorentzat zerbitzari batetik argazkiak ezabatzen saiatu zelako Ertzaintzak eskuratu ez zitzan. Laugarren auzibide bat ere badu. Beste bederatzi hilabeteko zigorra eskatu dute argazkilariarentzat Internetetik ez ezabatzeagatik haren biktima izandakoen argazkiak, justiziak hala agindu ostean.
47 delitu
Kote Cabezudo argazkilariaren aurkako auzi nagusiaren instrukzioa itxi zuen uztaila hasieran Donostiako 4. Instrukzio Epaitegiak. 47 delitu egotzi zizkion Julian Garcia Marcos instrukzio epaileak. Horietako lau askatasun sexualaren kontrakoak dira. Modeloei sexu erasoak egitea eta baimenik gabe irudi pornografikoak zabaltzea leporatu zioten. Izan ere, 21 emakumek salatu dute Cabezudo.
Epaileak egozten dizkion gainerako delituak ondorengoak dira: zortzi kasutan adingabeen galaraztea, hamahirutan intimitate urratzeak, hamazazpitan iruzurra eta bostetan osotasun moralaren kontrako delitua.