Añorgako bolatoki zaharra erakutsi diete Amassorrain ikastolako haurrei
Museum Cemento Rezolak Ondarearen Europako Jardunaldiekin bat egin du. Añorgako bolatoki zaharra ireki dute Amassorrain ikastolako haurrei erakusteko. Bolatokia ezagutu eta han jolasteko aukera izan dute. Eduardo Torroja arkitektoak diseinatu zuen bolatokia, baita alboan duen eta ezagunagoa den frontoia ere.
«Añorgako haur askok ezagutzen dute bolatokia. Badakite futbol zelaiaren atzean dagoela. Ordea, ez dira sekula hara sartu, eta aukera hori eman diegu», adierazi du Amaia Llorentek, museoko koordinatzaileak. Futbol elkarteari baimena eskatu zioten, eta materiala lortzeko Villabonako bolo elkarte batengana jo dute. Hain zuzen, elkarteko bi kide etorri dira Añorgara bolatokia eta jolasa erakustera.
Bestalde, Añorgako ondarea erakusteko museoak informazio panelak jarri ditu bolatokiaren aurrealdean. Argazki zaharrak eta testuak dituzte panelek, eta denbora baterako utziko dituzte ikusgai.