Gaur hasiko da Donosskino jaialdia
Filmen proiekzioak bihar hasiko badira ere, gaur egingo dute Donosskino Donostiako film laburren jaialdiaren hasiera ekitaldia, Tabakalerako Kutxa Kultur Kluba aretoan. 19:00etan izango da ekitaldi hori, eta, jaialdia aurkezteaz gain, Donosskino Express lehiaketan aurkeztutako film laburrak proiektatuko dituzte. Aurtengo berritasun nagusia da lehiaketa hori, non antolakuntzak ezarritako irizpideen arabera grabatutako film laburrak aurkeztu diren. Gaurko ekitaldia eta asteburuko proiekzio guztiak doakoak izango dira.
Hamalau film lehiatuko dira Donosskino sailean, epaimahaiaren saria eskuratzeko helburuarekin: (F)our seasons, Congenita, Tahrib, Family symphony N.1, Estigma, Cerdita, Bicho, The girls are alright, Rojo amarillo rojo, Mal trago, La tierra llamando a Ana, Moros en la costa, Black bass eta Picadero. Aipatzekoa da Cerdita filmaren presentzia, fikziozko film labur onenaren Goya saria irabazi baitzuen 2018an.
Bestalde, Euskal Herrian ekoiztutako hamar film labur proiektatuko dituzte Etxean Shortuak sailean: Naqam diamond, Ojo X Ojo, Ultima parada, En el videoclub, Ya esta, Erroak, Beldur-malutak, Vuela Mateo, Hotzean garbitu eta Patron de conducta.
Ametzagaina kaleko 60 zenbakian proiektatuko dituzte Etxean Shortuak saileko eta Donosskino saileko filmak ostegunean eta ostiralean, 19:00etan eta 20:00etan, hurrenez hurren. Larunbatean, aldiz, haurrei zuzendutako Zinemakiddo emanaldia egingo dute 11:30ean Antzoki Zaharrean, eta Donosskino saioa 19:00etan leku berean, jaialdia isteko. Azken saio horretan, Ane Gabarain aktorea omenduko dute, Donosskino saria emanez.