Adin txikiko umeak dituzten Intxaurrondoko lau emakume etxegabetze arriskuan daudela salatu du Stop Kaleratzeak plataformak
Euskadiko Stop Kaleratzeak plataformak deituta, protesta egin dute gaur goizean hainbat herritarritarrek eta herri mugimenduko eragileetako ordezkariek. Andia kaleko Eusko Jaurlaritzaren Gipuzkoako ordezkaritzaren aurrean batu dira, adin txikiko umeak dituzten Intxaurrondoko lau emakume etxegabetze arriskuan daudela salatzeko. Han izan dira baita ere EH Bilduko eta Elkarrekik Podemos alderdietako ordezkariak, Donostiako Udalekoak, zein Gipuzkoako Batzar Nagusietakoak.
Plataformak Elisabeten, Aroaren, Aixaren eta Soukkainaren kasuen berri eman du. Lau emakumeak Eusko Jaurlaritzak gazteentzako bideratutako Intxaurrondoko etxebizitza dotazionaletan bizi dira, eta laurek dituzte adin txikiko seme-alabak euren kargu. “Lau familien egoera larria da, izan ere, kontratuen bost urteko iraupen luzaezina amaitzerakoan, kaleratuak izango dira”, jakinarazi du Stop Kaleratzeak-eko bozeramaileak, Rosa Garciak. Lau emakumeak “gazte normaltzat” tratatzea leporatu dio Garciak Eusko Jaurlaritzari, baita euren “egoera zaurgarria” kontuan ez hartzea ere.
Protestaren amaieran idazki bat erregistratu dute Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzan, lau emakumeen eta plataformaren izenean, eta bi eskaera nagusi egin dizkiote erakunde publikoari: kontratua amaitzen zaienean, familia bakoitzaren beharrei egokitutako etxebizitza bat eman diezaietela, edo aipatutako etxebizitza hori esleitu bitartean oraingo kontratuak luzatu ditzatela. Era berean, jaurlaritzari exijitu diote legea betetzeko, eta gogorarazi dute hainbat deklaraziok zaurgarritasun egoeran dauden familiei “babes berezia” ezartzera behartzen dutela erakundea, hala nola, Giza Eskubideen Deklarazioak, Euskadiko Etxebizitzaren Legeak, Espainiako Gobernuak alokairuei buruzko erabakitako lege-dekretuak, eta jaurlaritzak, Eudelek eta Botere Judizialaren Batzorde Nagusiak sinatutako hitzarmenak.
“Kaleratzen badituzte, etxebizitzen merkatu librera jo beharko dute, eta euren errealitatearekin ezingo dute etxebizitza duin bat lortu”, ohartarazi du Garciak. “Burbuila espekulatiboarekiko” erakunde publikoek duten ardura nabarmendu dute plataformakoek: “burbuila hori erakunde publikoek ziztatu behar dute”.
Lau errealitate gordin
Intxaurrondoko gazteentzako etxebizitza dotazionaletan bizi dira lau familiak. Bakoitzak bere errealitatea du, baina ezaugarri bera partekatzen dute: egoera zaurgarrian daude. Elisabetek hiru adin txikiko seme-alaba ditu, eta joan den ekainaren 25ean amaitu zitzaion kontratua. Eusko Jaurlaritzaren zerbitzu juridikoek kaleratze demanda bat ezarri zioten duela hilabete batzuk, eta plataformaren bitartekaritzaren ondorioz, joan den apirilaren 30ean kendu egin zuten. Elisabetek epaileak agindutako 2.100 euroko atzeratutako kuotak ordaindu baditu ere, jaurlaritzak kaleratze data berria eskatu du. Plataformak agerraldian jakinarazi du Gizarte Zerbitzuek igorritako zaurgarritasun txostenari esker kaleratze eskaera bertan behera gelditu dela.
Aroak, aldiz, bi adin txikiko seme-alaba ditu, eta datorren urtarrilaren 25ean amaituko da bere kontratua. Aixak bi ume ditu, eta 2021ean amaituko zaio etxebizitzan bizitzeko aukera. Soukkainaren kasuak, elementu bereizgarri bat du, hain zuzen, %83ko desgaitasuna du.
Denak Etxebiden daude Etxebiden erregistratuta, adin txikikoak euren kargu dituzten guraso bakarreko unitate edo desgaitu handidun gisa. Gainera, kontratua sinatu zutenen unean, 30 urte baino gutxiago zituzten, eta horregatik, Etxebizitza sailaren 24.1.2005 aginduak zehazten duenez, kolektibo zaurgarriei zuzendutako kupoaren barruan sartu ziren. Etxebizitza horiek 30 metro karratukoak dira, eta gazteen emantzipazioa errazteko pentsatuak izan ziren. Lau emakumeek salatu dute ez dituztela euren familien beharrak betetzen. Haatik, bost urteko iraupena duten kontratuei uko egiteak, Etxebideko zerrendetatik kanpo geratzea suposatuko luke, eta, ondorioz, diru sarrerak bermatzeko errenta galaraziko liekete.
Txomiñeneko Etxegintzaren etxebizitza berriak
Bide batez, Stop Kaleratzeak plataformak beste behin aldarrikatu du eskuragarri dauden etxebizitza sozialen parke publikoa “urria” dela, eta ohartarazi dute eskatzaileen zerrenda “etengabe hazten” ari dela. Garciak Txomiñeneako 162 etxebizitza berriei buruz hitz egin du, eta aldarrikatu du horrelako etxebizitzen esleipena zozketa bidez egitea “injustua” dela. Donostiako Udalari eskatu dio gizarte baremo bidez egiteko adjudikazioa. “Zozketa bidez egingo ez balitz, lau emakume hauek etxebizitza duin bat izango lukete dagoeneko”, gaineratu du Garciak.