Artista Liburuari Buruzko V. Topaketak egingo dituzte asteburuan
Artista Liburuari Buruzko Donostiako V. Topaketak egingo dituzte ostiraletik igandera San Telmo Museoan, eta 80 artista eta talde baino gehiagoren lanak egongo dira ikusgai. Arteliburu 21 elkarte artistiko eta kulturalaren proiektu bat da topaketen jatorria, eta San Telmo Museoaren, Koldo Mitxelenaren eta Kutxa Kulturren laguntzarekin antolatu dituzte.
Topaketen jarduera nagusia Artista Liburuen erakusketa izango da, ostiraletik igandera ikusgai egongo dena, ordutegi honekin: 17:00etatik 20:00etara ostiralean, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara larunbatean, eta 10:00etatik 14:00etara igandean. Bestalde, Fanzine eta artista liburu baten artean korapilatzen euskarazko ikastaroa emango dute Eluska Kortajarenak eta Ainara Landabereak ostiralean eta larunbatean, 17:00etatik 19:00etara; 13-17 urte arteko gazteentzat lehenengo egunean eta 6-12 urte arteko haurrak dituzten familientzat bigarren egunean. Halaber, gaztelaniazko La edicion de arte aplicada a la creacion de los libros de artista hitzaldia emango du Antonio Damian artistak larunbatean, 18:30ean. Azkenik, errezitaldi poetiko musikatua emango dute Carlos Rosat eta Mario Telenti musikariek igandean, 12:00etan. Jarduera guztiak doakoak izango dira eta sarrera librea izango da eserlekuak bete arte.