Gazte Egunarekin hasiko dira gaur Amara Berriko jaiak
Astelehenean hasi ziren Amara Berriko haurrak horma-irudia margotzen. (Argazkia: Amara Berriko jai batzordea) Jaietako zatirik mardulena bihar hasiko bada ere, Gazte Eguna egingo dute gaur Amara Berriko jaietan, 16:30etik aurrera. Astelehenean hasi ziren jaietako lehen jarduerekin, haurren horma-irudi herrikoiaren margoketarekin –bihar inauguratuko dutena– eta jai gunearen muntaketa herrikoiarekin, baina gaur hasiko dira astebururako jai giroa berotzen.
Gazte Eguna hasteko, 16:30etik 19:00etara auzoko haurtxokoak eta gaztelekuak antolatutako jarduerak egingo dituzte. Triki poteoa egingo dute 17:30ean Ilunki Kultur Elkartetik hasita, eta gazte txupinazoa botako dute 18:30ean. Jolasak egingo dituzte ondoren, eta afaria tripa ondo bete ostean, Mugan eta Pronombre Neutros taldeek joko dute 22:00etatik aurrera. Asteburuko egitarau osoa helbide honetan kontsultatu daiteke.


