Jai giroan murgildu dira Martutenen
Gaur arratsaldeko txupinazoarekin eta Holi festarekin hasi dituzte jaiak Martutenen, eta jardueraz beteriko asteburu luzea dute aurretik. Ikastolako jolastokian bildu dira auzotarrak, eta bi ikaslek bota dute jaien hasierako pregoia, non azaldu duten klima aldaketa hartu dutela ardatz aurten, eta argi utzi duten ez dutela inolako indarkeriarik onartuko jaietan. Ondoren, auzoan skatepark bat eraikitzen ari diren gazteak igo dira oholtzara, auzotarrei egitasmoa azaltzeko eta parte hartzeko deia egiteko. Azalpenak bukatu bezain laster bota dute txupinazoa, eta jolastokia kolorez bete dute haurrek, Holi festarekin.
Haur, gazte eta helduentzako egitaraua prestatu dute astebururako, eta larunbata izango da egunik indartsuena. Izan ere, besteak beste, Sagardo Eguna egingo dute eguerdian, eta Etsaiak Eroak, Hesian eta Reincidentes taldeek joko dute gauean. Egitarau osoa helbide honetan irakurri daiteke.