Joker, heroia ala eroa?
‘Joker’
Zuzendaria: Todd Phillips
Urtea: 2019
Herrialdea: AEBa
Joker filmaren estreinaldiak ikusmin handia sortu du hasieratik, Warnerrek pailazo kriminal ikonikoak film propioa izango zuela argitaratu zuenetik. Gainera, Veneziako zinema jaialdian ezustean irabazitako Urrezko Lehoia tarteko, zinemazale guztion ahotan egon da kritika bikainak eta lerroburu polemikoak izan dituen filma. Horregatik, ez da harritzekoa filmak 245,7 milioi dolar bildu izana karteldegian egon den lehen asteburuan. Ba ote da filma ikusi ez duen inor?
Superheroien unibertsoko beste lan fantastiko bat izatetik urrun, Joker filmak zinema beltzaren eta drama psikologikoaren kutsua du. Batmanen etsai ikonikoa den pertsonaiaren jatorriaren istorioan, bere etorkizunagatik borrokan ari den pailazoaren erretratua eta gizartearen bidegabekeriaren hausnarketa nahasten dira, errealitatetik oso hurbil dagoen gidoi konplexuan.
Arthurrek (Joaquin Phoenix) txikitatik amestu du umorista ospetsu bilakatzearekin, eta helburu horrekin ariko da pailazo lanetan Gotham-eko kale ilun eta arriskutsuetan. Bere emozioak kontrolatzen uzten ez dion gaixotasuna duen arren, jendeari barrea eraginez mundua hobetzea da bere nahia. Tamalez, bai gizarteak, eta baita familiak ere alde batera utziko dute, eta ondorioz, komediante inuzentea hiltzaile errukigabe bihurtuko da pixkanaka, Joker ezizena bereganatu arte.
Gainera, mendeku bila dabilen bitartean, sistema kapitalista ustelaren aurka daudenak adoretuko ditu, kalera atera daitezen aldarrikapenak egitera eta guztia suntsitzera. Pailazoaren maskara heroiaren ikur bihurtuko da horrela, eta ikusleok, pertsonaiarekiko enpatia sentituko dugun arren, erabaki zail bat hartu beharko dugu: heroia ala eroa?
Gidoiaren norabidea aurreikustea nahiko erraza den arren, filma espektakulu hutsa da eta horretxegatik da hain gozagarria. Gotham-eko 80ko hamarkadako estetika erabat aproposa da gizartearen gainbehera irudiztatzeko eta filmaren argazkia (planoak, koloreak, argiztapena) ezin hobeak da. Gainera, soinu- bandak emozioa areagotzen du sekuentzia askotan momentu desberdinak epiko, tragiko edo ezatsegin bilakatuz.
Eta inolako dudarik gabe, Joaquin Phoenixen antzezlan zirraragarria da goraipagarriena. Bagenekien aktore aparta zela (Gladiator, Walk the Line, Her) baina azken lan honetan eraikitako pertsonaia konplexu eta zoroa beldurgarria da erabat: emozioak kontrolpean mantendu ezinik, ezbeharrek nahigabezko barrea eragingo diote uneoro, eta bere begiradan bakarrik antzeman ahal izango dugu sentitzen duen etsipena eta amorrua.
Filmaren inguruan orotariko iritziak dauden arren, guztiok bat gatoz gauza batean: antzezlan aztoragarri honi esker Joaquin Phoenixek aspaldi merezitako Oscar saria irabaziko du. Apusturik egin nahi?