Urrezko Danborra aukeratzeko sistema aldatu du udalak

Urrezko Danborra aukeratzeko prozesuan bi aldaketa egitea erabaki du gaur Donostiako Udaleko Bozeramaileen Batzordeak. Eneko Goia alkateak azaldu duenez, hautaketa prozesua ia bere horretan mantenduko dute, hiritarren parte-hartzea oinarri gisa hartuta. Aldaketa horiek, ordea, herritarrek erabakitzeko zuten gaitasuna murriztu egiten dute.
Batetik, herritarrek proposatutako hautagaien zerrendatik zinegotziek aukeratuko duten finalista kopurua bostetik hirura murriztu dute. Alegia, urrezko danborra hautatzeko bozketan, omendu nahi duten pertsona zein izango den erabakitzeko aukera gutxiago izango dituzte donostiarrek.
Bestetik, finalista horiek izendatzerako orduan, Bozeramaileen Batzordearen bi herenek hautagai bera bozkatuz gero, Urrezko Danborra zuzenean eman ahalko diote pertsona horri, herritarren azken iritzia albo batera utzita.
2020ko Urrezko Danborra aukeratzeko prozesua azaroa hasieran abiatuko dute, hiritarren proposamenak jasoz.