Estaldura berritu eta margotu dute
Museum Cemento Rezolak eraikineko 130 xafla aldatu ditu, eta hezetasunari aurre egiteko pintura berezia eman diote. Sarrerako lurra ere aldatzeko asmoa dute.
Kanpoko itxura berritzeko beharra zuen Añorgako Museum Cemento Rezolak. Hezetasunarengatik eraikina estaltzen duten xafla asko kaltetuta zeuden, eta museoaren atzean egindako pintaketek itsusitu zuten. Horrela, arduradunek estaldura berritzea erabaki zuten, eta gris koloreko pintura berezi batekin margotu dute.
«Zementuzko fibra xaflek estaltzen dute museoa, eta denborarekin kaltetu egiten dira. Euriak, eguzkiak eta hezetasunak belztu egiten dituzte, eta baita zartatu ere», azaldu Amaia Llorentek, museoko koordinatzaileak. Museoak alboan duen futbol zelaitik ihes egindako baloiek ere hainbat xafla zartatu dituzte. «Atzealdean egindako pintaketak erabakigarriak izan ziren museoaren kanpoaldea berritzeko».
Berrikuntza horretan inbertitzeko gogoa zuten. «Gaizki zeuden xaflak zenbatu genituen, bai ala bai aldatu beharrekoak, eta 130 zirela ikusi genuen. Berriak erosi eta aldatu genituen». Xafla guztiak aldatzea ezinezkoa zela dio Llorentek, «oso garestia zelako». Pintaketengatik beste neurri bat hartu behar zela pentsatu zuten. «Xafla guztiak, ondo eta gaizki zeudenak, margotzea erabaki genuen. Antzeko kolorearekin margotu dugu estaldura guztia, eta lortu dugula uste dut». Aurrera begira, pintaketa berriak egiten badizkiote eraikinari irtenbide ekonomikoa topatu dute. «Berriz margotzea merkeagoa da xaflak ordezkatzea baino».
Pintura berezia erabili dute museoak xaflen itxura ona mantendu dezan. «Hezetasuna moteltzen lagunduko du. Teilatuan pintura lodiagoa eta bereziagoa eman dugu. Zonalde kaltetuena da eguraldiarengatik», azaldu du Llorentek. «Momentuz oso pozik gaude emaitzarekin, eta asmatu dugula uste dugu».
300 xafla inguru ditu museoak eta horien mantenua ziurtatzeko modua aurkitu dute. Hobekuntza gehiago egitea dute helburu arduradunek. «Sarrerako lurra aldatzeko asmoa dugu. Linoliozkoa da eta hezetasunak ere kaltetu du. Zeharo hondatu baino lehen aldatzea gustatuko litzaiguke, eta laster izango dela pentsatzen dut». Museoaren itxura zaintzea dute helburu.
Ondarea
Añorgako bolatoki zaharra ireki zuen herenegun, museoak. Ondarearen Europako Jardunaldiekin bat eginez, egun batez, Amassorrain ikastolako haurrei bolatokia ezagutu eta han jolasteko aukera eman zieten. Eduardo Torroja arkitektoak diseinatu zuen bolatokia, baita alboan duen eta ezagunagoa den frontoia ere. Museoak bolatokiak duen balioa nabarmendu nahi du.
«Añorgako haur askok ezagutzen dute bolatokia. Badakite futbol zelaiaren atzean dagoela. Ordea, ez dira sekula hara sartu, eta aukera hori eman diegu», adierazi du Llorentek. Futbol elkarteak baimena eman zien, eta materiala Villabonako bolo elkarte bati esker lortu zuten.
Horrekin batera, informazio panelak jarri dituzte Añorgako ondarea erakusteko. Argazki zaharrak eta testuak dituzte. Bolatokiaren aurrealdean jarri dituzte ikusgai denbora baterako.