Ez da jairik faltako asteburuan
Sagardo Egunaren zain daude jada Martutenen, eta Danborradarako berotzen ari dira Amara Berrin.
Atzoko Gazte Egunarekin hasi zituzten jaiak Amara Berrin, baina gaur hasiko dira jaietako jarduera indartsuenak, Itxaso Piker jai batzordeko kideak azaldu duenez.
Auzoko haurrak izango dira jaietako asteburuaz gozatzen lehenak, jolasak egingo baitituzte 16:30ean, eta asteazkenean egin zuten horma-irudia inauguratuko dute, kalejira batekin. Jardueren artean, 18:00etako merienda osasuntsua azpimarratu du Pikerrek: “Meriendak beti txokolatearekin edo txorizoarekin egiten dira, baina guk fruta eta jaki osasuntsuak emango ditugu, eredugarriak izateko”. Jaiei hasiera ofiziala emango dien txupina botako dute 19:00etan “pertsona omendu sorpresa batekin”, eta danborrada hasiko da ondoren. Pikerrek azaldu duenez, arrakasta handia izan du aurten danborradak: “Ostegunetik ostiralera pasatzea erabaki genuen, eta oso azkar bukatu dira 85 plazak; ikusten da donostiarrak garela”. Afalostean, Folkaraokea egingo dute, Groseko nesken eskutik, eta Plan B eta DJ Miauren kontzertuak egongo dira gauean. Azken horren itzulera nabarmendu du Pikerrek: “Oso esanguratsua da guretzat DJ Miau jai hauetan itzultzea, jaiengatik asko eman baitute”.
Familientzako gynkana egingo dute bihar 11:00etan, familiek jaietan parte hartzeko helburuarekin. Ordu berean egingo dute Iñigo Temprano pala txapelketa azkarra, iaz arrakasta izan baitzuen. Bestalde, eguerdiko bertso saioa nabarmendu du Pikerrek, Maialen Akizu, Nerea Elustondo, Alaia Martin eta Eli Pagola bertsolariak egongo baitira. Era berean, 16:30ean egingo duten Bingo al deu jarduera azpimarratu du jai batzordeko kideak: “Donostiako Piratetako Kantauri kofradiaren asmakuntza zoragarria da Bingo al deu, eta copyright-a eskatu diegu guk ere egiteko”. Ordu berean iritsiko da aurtengo berrikuntza nagusia, Ongi Etorri Eskolara taldearen jolasak, hain zuzen. Izan ere, Pikerrek azaldu du “Ongi Etorri Eskolara taldearen proiektua jaietara ekartzeko esfortzua” egin dutela.
Musika egitarauari dagokionez, Sound System gunea egongo da Atano III.a frontoiaren ondoan 17:00etatik 3:00etara, eta Bidean taldea eta Sobria y Serena DJ-ak arituko dira 22:00etatik aurrera.
Igandean amaituko dira jaiak, eta normalean egun lasaia izaten da, baina aurten ez da horrela izango Pikerren arabera: “Realak Anoetan jokatuko duenez, txosna irekiko dugu eta mugimendua egongo da. Hala ere, karaokea egingo dugu, gure giroan jarraitzeko”.
Jai batzordean pixkanaka “jende berria” sartzen ari dela nabarmendu du Pikerrek, eta horrek jaiei “mesede” egiten diela. Bestalde, Anoetako lanak bukatzen dituztenean jaiak berezko lekura, Ferrerias plazara, itzultzea espero dutela azpimarratu du Pikerrek: “Anoetako lanekin Atano III.a frontoi ingurura bideratu gintuzten. Han ondo pasatzen badugu ere, jaiek ikusgarritasuna galtzen dute”.
Kontzertu handiak Martutenen
Amara Berrikoen moduan, atzo hasi ziren Martuteneko jaiak, baina gaur hasiko dira jaietako jarduera garrantzitsuenak. Gaurko egitarautik, 17:00etan egingo dituzten haur eta gazteentzako herri kirolak eta gauean Oihan Vegak eskainiko duen diskofesta nabarmendu ditu Jose Javier Seco Txefok, jai batzordeko kideak.
Biharkoa da jaietako egun indartsuena, eta jardueraz jositako egitaraua prestatu dute. Secoren arabera, Sagardo Eguna da arrakasta gehien izaten duen jardueretako bat: “Sagardo Eguna eta bazkari herrikoia batera egingo ditugu aurten. Nafarroatik etorritako hamasei artisautza postu egongo dira Sagardo Egunean, eta Zikiro jana izango da bazkaria. 230 pertsona bilduko gara bazkarirako eta oso giro ona egongo da”. Bestalde, bi elektrotxaranga –Burrumba eta Matraka– egongo dira aldi berean auzoko kaleetatik jotzen, eta bukaeran batera joko dutela azaldu du Secok: “Iruñean egiten duten moduan, ‘Apoteosia’ egingo dute bukaeran, eta parkean bost abesti joko dituzte elkarrekin”. Baina, Secoren arabera, gaueko kontzertuak dira jaietako gauzarik indartsuena: “Etsaiak Eroak, Hesian eta Reincidentes taldeak izango ditugu. Oso talde indartsuak dira, eta jende asko espero dugu horregatik”.
Igandea lasaiagoa izango bada ere, ez dira ondo pasatzeko jarduerak faltako. Goizean egingo duten haurrentzako Molto motor lehiaketa nabarmendu du Secok, berritasun gisa. Arratsaldean auzo guztitik eramango dute jai giroa, Titiriteros de Binefar kale antzerkiarekin, eta arraun erakustaldia egingo dute, Arraun Lagunak taldearen eskutik. Azkenik, jaiak maila handiko su artifizialekin bukatuko dutela azpimarratu du Secok: “Astondoa pirotekniaren su artifizialak botako ditugu 20:30ean, Sorginzulo plazan”.