Frontean egon ez zen borrokalari nekaezina
Bere senideak aurrera ateratzeko borroka latza egin zuen 36ko gerran Maria Luisa Bujanda donostiarrak. Koldo Mitxelena Kulturunean bisitatu daitekeen ‘Gerra zibila Gipuzkoan: erresistentzia eta duintasuna’ erakusketan jasotako biografietako bat da berea.
Gerra garaiko emakume askoren istorioa da Maria Luisa Bujanda donostiarraren bizitza. Izan ere, umezurtz geratu ostean eta bere anaiak 36ko gerrako frontean borrokan ari ziren bitartean, 23 urteko neska gazteak bere anai-arreba txikien ardura bere gain hartu zuen.
Bujanda familia Antiguako Sheshena etxean bizi zen, baina gerra hasi zenean, anai-arrebek sorlekua utzi eta Bilbora alde egin zuten, babes bila. Maria Luisak bi anaia zituen frontean: Inocencio, 21 urtekoa eta euskal milizietan zebilena, eta Benito, 25 urtekoa, Saseta batailoiko teniente zena.
Alaba zaharrenak Francisca (10), Rosario (14) eta Gerardoren (16) ardura hartu zuen, eta Bilbora mugitu eta hilabete gutxira, albiste latza jaso zuen Leon Barrenetxea gudari donostiarraren eskutik: Benito, bere anai zaharra, frontean zendu zen, bere kideak babesteko asmoz, mahukan lotuta geratu zitzaion granada bat gorputzarekin estali ostean. Hark gudu-zelaian utzitako hutsunea Gerardo gazteak bete zuen, soilik 17 urte zituela.
Zoritxarrari aurre eginez, eta kolpistak Bilbo hartzear zeudela, Maria Luisak Frantziara ihes egin zuen bere ahizpekin, itsasoz, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin. Hamabost hilabetez egon zen han, 1938ko udazkenean Donostiara bueltatu zen arte.
Berriro ere etxean zela, Barrenetxearekin maitemindu zen, eta biak 1946ko azaroan ezkondu ziren. Hurrengo urtean, ordea, senarra espetxeratu egin zuten, ELAko kide izateagatik eta, ustez, Francoren aurkako greba bat sustatzeagatik. Egoera horretan jaio zen Itziar, bikotearen lehen alaba, baina soilik 30 egun zituela eta aitak ezagutu gabe, haurra hil egin zen. Bizitzako unerik ilunenean ere, Maria Luisak bere familia aurrera ateratzeko indarra izan zuen, ordea.
Urte triste hartako abenduan askatu zuten frankistek Barrenetxea, eta geroztik, bikoteak hainbat seme-alaba izan zituen urteetan zehar. Maria Luisa 2005eko maiatzean zendu zen, 92 urterekin, gerrako frontea zapaldu gabe, baina urteetako borroka nekaezina egin ostean.