Kaioak kontrolatu nahi dituzte
Donostiako Udalak kexa ugari jaso ditu kaioengatik, eta horien kontrolerako neurriak hartuko dituela iragarri du. Hori dela eta, kezka agertu dute hainbat elkartek.
Gero eta kaio gehiago hurbiltzen ari omen dira hiriko zenbait tokitara, batez ere hondartzetara, eta udalak jakinarazi du herritar ugariren kexak jaso dituztela. Donostiako Udalaren arabera, San Markoko zabortegia ixteak eragin du hori, kaioek han zutelako elikatzeko gune nagusia. Orain, berriz, herritarrek utzitako zaborren bila jo dute kaioek. Enrique Ramos Ekologia zinegotziak esan du udala aztertzen ari dela zer egin hegazti horien «ugaritzea» saihesteko. Kaioak uxatzea eta horien zenbatekoa kontrolatzeko sistema bat jarri nahi dute hurrengo udaldirako.
Aranzadi Zientzia Elkartea eta Itsas Enara Ornitologia elkartea kezkatuta daude udalak iragarri dituen neurriekin. «Gipuzkoako kaio populazioa egonkortuta dago eta ez da hazi; alderantziz, gainbehera antzeman da azken urteotan. Testuinguru horretan, ezin da esan orain bost edo hamar urte baino kaio gehiago dagoenik», nabarmendu du Aranzadik. «Donostiako eraikinetan ugaltzen diren kaio-bikoteak eskuko atzamarrekin zenbatu daitezke eta euskal kostaldean kaio hankahorien populazioa egonkortuta dago, gainbehera luze baten ondoren», gaineratu du Itsas Enara elkarteak.
Ramosek berak aitortu du kaioen populazioa egonkortu dela, baina udalak behin behineko neurriak hartu behar dituela berretsi du: «Falkoneria edo hegazti harraparien bidez uxatu daitezke kaioak, baina ezin dugu jakin irtenbide aproposena izango den. Horrez gain, kanpaina bat egingo dugu herritarrei zein bisitariei eskatzeko janaririk ez uzteko hondartzetan eta bide publikoetan».
40 kexa inguru
Udalak jasotako kexengatik erabaki du kaioak kontrolatzea. Kopurua, ordea, ez da oso handia. «40 kexa inguru jaso ditugu, batez ere, kaioek janaria lapurtu dietelako herritarrei. Bestalde, esan izan digute kaioen artean oso oldarkor jartzen direla», azaldu du Ramosek.
Donostian dagoen kaio kopuruari dagokionez, udalak ez du datu zehatzik. «Ekologia sailean ez dugu zenbaki hori, baina Aranzadi lanean ari da. Arazoa da kaio ugari mugimenduan daudela, eta hemendik pasa arren beste leku batzuetara doazela. Hori kalkulatzea oso zaila da. Dena dela, badakigu 50 bat kaio-bikote finko daudela Santa Klara uhartean, eta Ulian 200 bat bikote daudela».
Aranzadiko Ornitologia saila 2005etik ari da Gipuzkoako kaioen populazioa aztertzen. Ildo horretan hainbat ikerketa lan egiten ari dira, doktore-tesiak eta nazioarteko argitalpen zientifikoak barne. Ikerkuntza-lan horri esker Aranzadik euskal kostaldeko kaioen demografiari eta mugimenduei buruzko informazio osatua eta zehatza du. Horregatik, kaioen hazkuntza kolonietan udalak eskurik ez hartzeko eskatu dute. «Beste eremu batzuetan antzeko esperientziak izan dira. Naturalki hazten diren eremu horiek ezabatzerakoan hiriguneetara hurbildu dira hegazti hauek, eragozpenak eta gatazka soziala sortuz. Era berean, kaioen erreprodukzioa eteten saiatuko balira ale gazteen produktibitatea eta biziraupena handitzeko arriskua legoke».
Urumeako bokalea
Itsas Enara elkarteak Ramosi eskatu dio lehentasuna emateko tokiko fauna-ondarearen defentsari, eta ez «erabat alarmistak diren diskurtsoei», euren ustez, basa-faunarik gabeko hiri baten eredua sustatzen baitute. «Paradoxikoa da kaioak kontrolatzeko neurriak Ekologia zinegotziak iragarri izana».
Horrez gain, Urumeako bokalearen garrantzia azpimarratu dute, Euskal Herriko punturik onenetakoa delako hainbat kaio espezie behatzeko eta haiei argazkiak egiteko. Gainera, Urumearen bokalea kaioen eraztunak irakurtzeko ere bisitatzen dute zaleek, eta horiek Europako eraztun-proiektuetako ikerketa-lanetan laguntzen dute. Bi jarduera horiek arriskuan egongo lirateke tokiko kaioei, edo migrazio-bidaietan Donostian geldialdi bat egiten dutenei, jazartzeko neurriak hartuko balira.
Santa Klara uhartean bizi diren kaioekin batera, beste hainbat hegaztik euren habiak han dituzte. Pasa den ekainean Parkea Bizirik Kukulunbera naturzale elkarteak belar mozketek eragindako kalteak salatu zituen. Izan ere, uhartearen mantentze lanak txitaldi garaian egiteak itsas hegaztien habien galera dakarrela ohartarazi dute. Itsasargian egingo diren lanek ere ondorioak eragin ditzakete. «Aurreikusita dago habien kontrola egitea, eta horiek babestea. Uhartean bizi diren animaliak ahalik eta gutxien kaltetzen ahaleginduko gara», azaldu du Ramosek.