Saharar Herriaren Batasun Nazionalaren Eguna ospatuko dute
Urriaren 12a egun handia da sahararrentzat, hain zuzen, Saharar Herriaren Batasun Nazionalaren Eguna delako. 1975eko urriaren 12an Saharar Herriaren Batasuna deklaratu zuten Ain Bentili eskualdean. Sahararrek Fronte Polisarioaren printzipioekin bat egin zuten orduan, Mendebaldeko Sahararen independentziaren alde borrokatzeko apustua eginez. Ordutik, urriaren 12a ospatzen dute sahararrek.
Donostian, hainbat eragile elkartu dira ospakizuna prestatzeko, hala nola, Euskadiko Fronte Polisarioren Ordezkaritza, COSAGI Gipuzkoako saharar kolektiboa, Donostiako S.E.A.D-en (Saharar Errepublika Arabiar Demokratikoa) Lagunen Elkartea, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia, Euskal Fondoa eta Eusko Jaurlaritza.
Urriaren 17an, datorren ostegunean, egingo dute ospakizuna, Tabakaleran, eta hainbat jarduera programatu dituzte. 18:00etan Laatash film laburra proiektatuko dute Ruiz Balerdi aretoan, eta, ondoren, hizketaldia egingo dute. 19:00etan beste film labur bat jarriko dute: Musawat.
Bitartean, 18:00etatik aurrera, jaima saharar bat jarriko dute Nestor Basterretxea plazan, eta te dastaketa eskainiko dute. Jardunaldia amaitzeko kontzertua egingo dute 20:00etan.