"Prozesua zaila izan da, baina gauzak ondo joan dira azkenean"
Urte eta erdiren ostean, Ernest Lluch kultur etxeak bere ateak ireki zizkien auzotarrei astelehenean. Zentroak antolamendu eta gune berriak ditu orain, eta hemendik aurrera jarduera kopuruak gora egitea espero du. Iñaki Gabarainek, (Donostia, 1974) kultur etxeko zuzendariak, begi onez ikusten du emandako aldaketa.
Urte eta erdi igarota, kultur etxea bere lekura bueltatu da. Pozik zaude emaitzarekin?
Bai, zinez. Lehen, kultur etxe txukuna zen, baina zenbait gabezia zituen, eta orain aurrerapauso nabarmenak eman ditugu. Garrantzitsuena da, agian, lehen banandurik zeuden bi egoitzak bateratu egin ditugula. Estadioaren bi albotan zeuden, eta orain hemen dauzkagu biak, bakoitza bere solairuan. Hori oso lagungarria izango da guretzat, eta baita erabiltzaileentzat ere, ez direlako nahasiko.
Nolakoa izan da itxaronaldia?
Prozesua oso atalkakoa izan da, eta baita zaila ere, baina gauzak ondo joan dira azkenean. Gure asmoa zen iazko urrirako kultur etxea irekita egotea, liburutegi gabe behintzat, bertan ikastaro eta jarduerak egin ahal izateko. Plan hura ez zen posible izan estadioaren birmoldaketa lanak zirela eta, baina ikastaro guztiei behin-behineko kokapenak topatu genizkien auzoan zehar: belodromoan, Aldundiko Gaztegunean, Karmelo Ikastetxean…
Zerbitzuak oso sakabanatuta izan ditugu, eta liburutegia, berriz Arccon. Hortaz, ez da soilik kultur etxe berria irekitzea. Azken asteetan gauza pila bat ekarri behar izan ditugu berriro hona. Baina lortu dugu, eta kultur etxeko ateak ezarritako datan ireki ditugu, zerbitzu guztiak indarrean izanda.
Gazteleku eta Haurtxoko berriek, ordea, 2020ko irailera arte itxaron beharko dute.
Hala da. Orain gure sarreraren parean izango ditugu, baina guneak ez dira konektatuta egongo. Hala ere, haiekin harreman estua izaten jarraituko dugu.
Jendeak izan du irekieraren berri? Erabiltzaile asko etorri dira?
Oraindik denbora pixka bat beharko da erabateko martxa hartu arte, baina jende dezente etorri da. Irekiera nahiko ondo iragarri dela esango nuke, eta auzotarrek bazuten irrika hori.
Liburutegia guztiz eraberritu duzue. Zer irabazi du?
Liburutegiaren funtsean txukunketa garrantzitsu bat egin dugu antolamendu berriari begira, eta zenbait sekzio azpimarratu egin dira, hala nola futbolarekin lotura duena. Kultur etxeak Korner egitasmoa garatu du Realarekin batera, eta hori liburutegian islatua gera zedin nahi genuen, futbola eta kulturaren arteko harremana jorratzen duen atal propio batekin.
Zein atal berri gehiago ditu?
Egiturari dagokionez, bi berrikuntza ditu. Lehena isiltasun gela da, zaratarik gabe ikasi eta irakurtzeko espazio lasaia. Bestea, berriz, Topalekua da, jardueretarako espazioa. Hor, liburutegian aurretik egiten ziren hainbat egitasmo egin ahal izango dira, leku propioarekin, hala nola, literatur solasaldiak eta Liburu Baby Kluba.
Horrez gain, hemerotekari kokapen berria eman diogu, leku handiagoa emanez, are indar gehiago har dezan.
Ikastaroentzako gela kopurua ere handitu da, ezta?
Bai. Lau gela izatetik bost izatera pasa gara. Haurtxokoak zuen espazioa hartu dugulako. Horrek ikastaro eta ikasle kopurua ere handitzea ahalbidetu du. Aurten errekorra izan dugu, 1.150 ikasle eta 50 ikastarorekin.
Beheko solairuan erakusketa gunea eta areto nagusia estreinatu dituzue. Nola erabiliko dira?
Gure erakusketa lerroa asko indartuko dugu, ekoizpen propioekin eta zikloekin. Anbizio gehiagorekin programatuko dugu, eta kultur etxe gisa garen hori indartzeko balioko du.
Areto nagusiari dagokionez, erabilera anitzeko gunea sortu dugu: hitzaldietarako, formatu txikiko kontzertuak egiteko, zinema proiekzioetarako… Amara Berrik halako areto bat behar zuen.