Santa Klara uhartea, biotopo babestua
Uhartean, Igeldon, itsasaldien arteko zabalgunean eta inguruko itsas-eremuan natur gune berri bat sortzeko eskatu dugu. Balio natural anitzak eta aparteko paisaiak zaindu behar ditugu balizko mehatxuen aurrean. Gelditzen zaiguna kontserba dezagun. Santa Klara Biotopo Babestua orain!
Udatik hona polemika handia izan da Cristina Iglesias eskultorearen lan baten inguruan, Donostiako Udalak Santa Klara uharteko itsasargiaren etxe barruan ezarri nahi baitu eskultura hori. Dagoeneko lanekin hasi dira, eta garabi luze bat gailentzen da irlaren kaskoan, mendixkari bat-batean adar bat hazi izan balitzaio bezala. Natur taldeok (Eguzki, Ekologistak Martxan, Itsas Enara Ornitologia Elkartea, Haritzalde…) eta beste hainbat kolektibok, Bizilagunekin-ek, kasurako, gure kezka azaldu dugu eta proiektua era garbian kritikatu dugu.
Ez dugu artelanaren balioa zalantzan jartzen, eta Cristina Iglesiasen eskulturaren kontra ez gaude. Arbuiagarria iruditzen zaigu, ordea, udalak aukeraturiko kokapena eta hura gauzatzeko eraman den prozedura. Uhartean sor daitezkeen inpaktu handiek kezkatzen gaituzte, eta erabakietan dagoen parte-hartze eza ez dugu begi onez ikusten. Uharteak, aldiz, badu berezko balio naturala zein paisaia mailakoa, aitortzen ez zaiona, eta horrek bai, gure ustez, beste begirune bat eskatzen du. Hortaz, Haritzaldek uhartea Biotopo Babestua izendatzeko eskaera bideratu berri die erakunde publikoei.
Egungo obren balizko inpaktua
Esan bezala, dagoeneko lanekin hasi dira, eta ez dirudi obra iraun bitartean sekulakoak izango direnik. Ez genuen espero, erne egotera behartzen bagaitu ere. Arazoa gerora etor liteke bisita kopurua eta horien sasoi ezarengatik, hegazti habigileen presentzia baldintza dezakeelako. Esan gabe doa denborarekin bisitaldiak ugaritzeko eta azpiegitura berriak ezartzeko arriskua areagotu daitekeela. Hor dago koxka eta hori da gure kezka. Egun uharteak soilik udan pairatzen du presio handia, baina urte osora zabal liteke, ohiko lasaitasuna zeharo galduz.
Udalak dirutza gastatuko du artelanarekin gero ikusgai egon ez dadin? Ulertzen ez duguna da helburua herritarrengana iristea bada, zergatik egiten den irlan eta ez kostaldeko beste edozein pasealekutan, esaterako Kontxan, Zurriolan edo Pasealeku Berrian? Horietan itsasoarekiko konplizitatea eta gertutasuna berdin lor daitekeelako.
Kostaldea babesteko beharra
Kostaldeei Buruzko Legean oinarriturik itsaslabarrak babestuta daude, Igeldon eta Santa Klaran harkaitz-erlaitz gerriko guztia kasu. Planteamendu tresna ezberdinek babes hori barneratu dute. Bestalde, Natura eta Biodibertsitatea babesteko lege eta araudietan habitat bereziak, mehatxaturiko espezieak eta haien bizilekuak ere babestuta daude. Errealitateak erakusten digu, ordea, beharrezkoak diren tresna horiek maiz gailenduak direla. Gai gara ehunka mila euro xahutzeko obra batean eta, aldiz, zentimo batzuk baino ez ditugu gastatzen (plastikozko zinta ziztrin bat) mehatxaturik, babesturik eta gurean oso arraroa den hegazti baten (kaio beltza) habia salbu mantentzeko.
Jakina, aurten ere molestiak direla eta, ugalketa zapuztu da. Hortaz, segidan azalduko ditugun balore naturalak eta eremua aintzat harturik, eta Uharteko proiektua bezalako balizko mehatxuen aurrean, kostaldea blindatzeko premia sentitzen dugu. Horrela sortuko litzatekeen natur gune berriaren zonifikazioa finkatuz, kontserbazio plana idatzi eta abian jar liteke.
Zergatik Biotopo Babestua?
Euskal Herriko Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko 16/94 Legeak Natur gune Babestu motak ederki finkatzen ditu eta jarraian doan azalpenari erreparatuz gero argi eta garbi gelditzen da Haritzaldek proposatzen duen eremua primeran egokitzen zaiola definizioari. Bestela, irakurri: «Biotopo babestuak, lege honen ondorioetarako, oinarrizko legeetan natura-erreserba, natura-monumentu eta babestutako ikusmira izena ematen zaien naturaguneak dira. Bakan, hauskor, garrantzitsu eda aparteko izateagatik bereiziko balioespena merezi duten ekosistemak, komunitateak, elementu biologikoak, interes geologikoa duten guneak eta natura-ingurumeneko toki jakinak eta eraketa apartekoak, bakanak, bereziki ederrak edo interes zientifiko nabarikoak babesteko sortuak dira biotopo babestu horiek».
Uharteak eta inguruak ezaugarri horiek guztiak gordetzen dituzte: berezitasuna, garrantzi geologiko eta ekologikoa, aparteko paisaia, bakanak eta ikusgarriak direla, mehatxaturiko basa fauna eta flora espezieak bizi direla bertan… Hala izanda, ordea, elementu horiek ez dute planteamendu tresnen babesa baino gehiagorik. Kontserbazioari begirako kudeaketa merezi dutela uste dugu. Uhartea babestu dezagun!
Biotopo Babestuaren eremua
Natur gune berriak Igeldo (Txubillo), Santa Klara uhartea eta bien arteko itsasaldien zabalgunea hartuko lituzke. Horri gertuko sakonera gutxi duten barneko urak gehituko genizkioke. Itsasoa eta lehorra, ura eta lurra, urdina eta berdea, biak batera Biotopo Babestuan. Ea orain Donostiako Udalak proposamena bere egiten duen eta artelanarekin jarritako interes berdina agertzen duen. Lurraldea nahikoa artifizializatua daukagu honezkero, zain dezagun beraz, eta kontserba dezagun gelditzen zaiguna.