Kazerolada eta eserialdia egin dituzte Kataluniarrekin elkartasuna adierazteko
Kataluniako buruzagi sozial eta politikoen aurkako epaia jakinarazi zutenetik, elkartasun mobilizazioek ez dute etenik izan Euskal Herrian. Atzo, esaterako, Ernai gazte antolakundeak Epaitegiko sarrera oztopatu zuen, Kataluniako gertakarien harira izaten ari den errepresioa salatzeko. Gainera, Euskal gehiengo sindikalak deituta, hiriko hainbat tokitan kalera atera ziren langileak, “Espainiako Estatuaren izaera antidemokratikoa” salatu eta Kataluniako herriari elkartasuna adierazteko.
Atzo gauean, berriz, kazerolada ibiltaria egin zuten hiriko hainbat auzotan. Hain zuzen, Amara Berrin Ferrerias plazan eta Irun plazan batu ziren hainbat herritar, protesta egiteko. Hainbat lekukok Irutxuloko Hitzari jakinarazitakoaren arabera, Amara Berrin Ertzaintzak espaloitik oinez zihoazen bi pertsona identifikatu zituen, eta isuna jasoko dutela jakinarazi zieten. Amara Berritik Easo plazarantz abiatu zen martxa, eta han beste hainbat herritar batu zitzaizkien. Parte Zaharrean ere egin zuten kazeroladarako deia, eta hiru auzoetako herritarrek bat egin zuten Bulebarrean. Han, eserialdia egin zuten errepidean, zirkulazioa mozteko, Ertzaintzaren hainbat furgoi heldu ziren arte. Istiluen kontrako hainbat polizia manifestarien aurrean jarri ziren, eta protesta Parte Zaharreko kaleetara mugitu zuten.
Gaur, Gure Eskuk deituta, manifestazio nazionala izango da, Erreferenduma ez da delitua. Askatasuna. Defenda dezagun gure erabakitzeko eskubidea lelopean. Antiguako tuneletik abiatuko da, 17:30ean.