Donostia Kultura Irratiak hartuko du Casares irratiaren lekua
Irratiaren baliabideak hobetzearekin batera, programazioa indartuko dute 'Bestalde' eguneroko kultura magazin berriarekin.
Pauso berri bat eman du Altzako Casares irratiak. Aurrerantzean, Donostia Kultura Irratia izango da hasierako izaera mantenduta. Horrela ere, jauzi bat emango dute hiriko eta aldirietako kulturaren leiho bihurtzeko. FM 107.4 sintonian eta webgune berriaren bidez entzun ahalko da.
Irratiaren baliabideak hobetzearekin batera, programazioa indartuko dute Bestalde eguneroko kultura magazin berriarekin. Ion Olano Carlos kazetari donostiarra izango da gidaria. Bestalde, Donostia Kulturak antolatzen dituen hainbat hitzaldi, kontzertu eta beste jaso eta zabalduko ditu podcast gisara irrati berrituak.
Irrati tailer gisara jaio zen duela ia 30 urte –1991n, zehazki–, eta izaera horri eusteko asmoa du. Ahozko komunikazioaren eta soinuaren formazio-leku izaten jarraituko du, eta, betiko moduan, estudioak herritarren zerbitzura egongo dira. Horrela, ikastaro eskaintza mantenduko dute, esperientzia handia duten profesionalen gidaritzapean.
Ikasleek irratiaren arlo ezberdinak barrutik ikusi eta ikasteko aukera izango dute. Hona hemen ikastaroak: Irratigintza ikastaroa (euskaraz eta gaztelaniaz), Jose Joaquin Forcada Forki eta Sergio Errasti Onda Vascako esatarien eskutik; Ahotsarekin jolasean (euskaraz eta gaztelaniaz), Maider Gorostegi Gazteako esatariarekin, Irrati-antzerkia (gaztelaniaz soilik), Inko Martinekin.
Donostia Kultura Irratiaren aurkezpenak jarraipena izango du eta Viktoria Eugeniako klub aretoan egingo diren beste hiru ekitaldi berezik emango diote jarraipena. Hilaren 22an, Beldurrezko eta Fantasiazko Zinemaren astearen barruan, solasean ariko dira Begoña del Teso kazetaria eta Beñat Iturriotz zinemagilea, eta Inko Martinek irrati-antzerki emanaldia egingo du.
Azaroaren 18an, aldiz, Literaktumen parte hartuko du irratiak, beste irratsaio berezi batekin: Iratxe Retolaza, Lourdes Oñederra eta Itxaro Bordaren arteko solasaldiak, eta Harkaitz Cano eta Maite Larbururen emanaldi batek osatuko dute. Azkenik, abenduaren 17an, V. Hamaika Entzuteko! irrati-piezen lehiaketaren sari banaketa egingo dute.