Metroaren igarobideak segurtasun arauak urratzen dituela dio Satorralaiak
Salaketa aurkeztu dute gaur, Gipuzkoako Fiskaltzan, Egiako epaitegian. Hans Heydemann aditu eta ingeniari alemaniarrak txosten bat prestatu du metroaren irregulartasunen ingurukoa.
Hirian eraikitzen ari diren metroaren igarobideak segurtasun arauak “larriki” urratzen dituela salatu du Satorralaia bizilagunen mugimenduak. Hans Heydemann aditu eta ingeniari alemaniarrak egindako txostena oinarri hartuta, salaketa aurkeztu dute Gipuzkoako Fiskaltzan. Ondoren, agerraldia egin dute Egiako epaitegiaren aurrean.
Heydemannek urteak daramatza burbinbideko azpiegituren segurtasunean lanean. Stuttgart (Alemania) hiriko tren geltoki nagusiaren afera oso gertutik ezagutzen du, eta segurtasun alorrean txosten asko aurkeztu ditu. Batez ere, sute arriskuen prebentzioan aditua da. Metroaren proiektua aztertu ondoren, adierazi du segurtasun arauak urratzen dituela trenbide tuneletan, larrialdi irteeretan eta bidaiarien nahiz mugikortasun mugatua duten pertsonen ebakuazioan. Satorralaiaren salaketarekin bat egin dute hainbat eragile sozialek eta sindikalek, eta metroaren igarobidearen lanak gelditzeko eskatu dute.
Ingeniari alemaniarrak Satorralaiaren prentsa agerraldian parte hartu du, eta txostenaren nondiko norakoak aurreratu ditu. Izan ere, bihar, Metroaren pasantea: tranpa hilgarria? hitzaldia eskainiko du Groseko Okendo kultur etxean, 19:00etan. Metroaren proiektua aztertzerako orduan, irregulartasun ugari topatu ditu, eta horren inguruan txosten bat idatzi du. Aipaturiko proiektua Eusko Jaurlaritzaren bidez lortu ahal izan zuen Satorralaiak saiakera asko egin ondoren.
“Metroaren proiektuan, Pio Baroja plazan aurreikusitako larrialdi irteerak trenbide tunelen segurtasunak araudi hainbat urratzen ditu. Izan ere, larrialdi irteerak 500 metroko luzera du eta 400 eskailera ditu 68 metroko desnibela igotzeko. Hau da, dorre baten 24. solairura oinez igotzea litzateke”. Gainera, larrialdi irteerak duen maldaren desnibela %15ekoa da, legez onarturikoaren ia bikoitza.
Heydemannek txostenean azpimarratu du ebakuazio sistema “erabat” baliogabea dela. Aditu alemaniarrak prentsaurrekoan esan du AEBetako NFPA 130 estandarrean oinarritu dela Eusko Jaurlaritza araudia errespetatzeko. “Ordea, ez da egia. Estandar horren arabera, metroaren igarobideak bi larrialdi irteera izan beharko lituzke 1.895 metroko tartean, Benta Berri eta Kontxa artean, eta, hirugarren irteera bat, 1.187 metroko tartean, Lugaritz eta Benta Berri artean”. Hortaz, metroaren igarobideak hiru larrialdi irteera izan beharko lituzte, eta bakarra egin dute.
Satorralaiak abenduan salatu zituen aipaturiko irregulartasunak, baina proiektuak arau guztiak errespetatzen dituela adierazi zuen Eusko Jaurlaritzako Garraio Azpiegituren Zuzendariak eta Garapen Ekonomiko eta Azpiegituren sailburuak. Haydemannek, ordea, txostenean bildu eta azaldu ditu proiektuaren gabeziak segurtasunaren alorrean. “Fiskaltzari eskatzen diogu auzi hau segurtasun kolektiboaren kontrako delitua izan daitekeena ikertu dezala, kontuan hartuta metroaren tunelean ondorio katastrofikoak gertatzea eta pertsonen osotasun fisikoa arriskuan jartzea ekar ditzakeela”, azaldu du Satorralaiak.
IRUTXULOKO HITZAk Hans Heydemann ingeniaria elkarrizketatu du, eta ostiraleko astekarian irakurri ahal izango da.