'Milaka elkarbizitza' topaketa egingo dute Tabakaleran, gazteen emantzipazioa aztertzeko
Donostiako etxebizitzen alokairuen prezioak etengabe gora doaz eta gazteentzat gero eta zailagoa da emantzipatzea. Horregatik, Milaka elkarbizitza topaketa antolatu dute Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK), Donostiako Udaleko Donostia Gazteria sailak eta Eusko Jaurlaritzak, Tabakalerako Kutxa Kultur Plaza aretoan, azaroaren 7an, 17:30ean. Izan ere, udalak azaldu duenez, “aditu batzuen arabera, alokairu burbuilaren aurrean gaude”, hiriko batez besteko alokairua 1.305,20 eurokoa baita udalak dituen azken datuen arabera.
Gazteak eta etxebizitza gaiak izango ditu ardatz topaketako solasaldiak, eta etxebizitza eredu berriak aztertuko dituzte, hala nola, alokairu soziala, pisu solidarioak, co-housing-a eta belaunaldien arteko elkarbizitza. Era berean, udalak gazteentzat duen etxebizitza programa aztertuzko dute, eta erakunde publikoetatik bideratu daitekeen etxebizitza eredu bat ere azalduko dute: Usurbilgo Txirikorda proiektua. Gazteek emantzipaziorako dituzten zailtasunak eta adin nagusiko pertsonek alokairuak ordaintzeko dituzten zailtasunei batera erantzutea du helburu proiektu horrek, eta Usurbilgo alkateak eta Hiritik At kooperatibako kideek azalduko dute. Bestalde, Hiruburu dinamika jarraituko du topaketak, hiru protagonista egongo baitira eztabaidan: 18-30 urte arteko gazteak, kargu politikoak eta teknikariak.
Iaz antzeko jardunaldi bat egin zuten Kontadores Zentroan, non gentrifikazioak eta turistifikazioak alokairuetan eta gazteen emantzipazioan duten eragina aztertu zen. Jardunaldi horren jarraipena izango da Tabakalerako topaketa, eta Donostiako Udalaren webguneko galdetegia betez, 688 73 70 92 telefono zenbakian Luisagatik galdetuz edo etxebizitza@egk.eus helbidera idatziz eman daiteke izena.