Haritzalde eta Eguzki ez dira joango Donostiako Ingurumen Kontseilu Sektorialera
Lourdes Txikiko basoa eta Belartza Goikoa eremua lehengoratzeko eskatu dute bi elkarteek.
Lourdes Txikiko zuhaitzen mozketa neurrigabea. Enrique Ramos Ekologia zinegotziaren dimisioa eskatu dute Haritzalde Naturzaleen Elkarteak eta Eguzki talde ekologistak. “Aurreko legealdian Hirigintza Sostengagarriko Zinegotzia izan zen eta agerian geratu zen ingurumena eta natura zenbat axola zitzaion. Iraunkorra edo jasangarria izan beharrean, Donostiako gerriko berdearentzat mehatxu larri bilakatu zen”, adierazi dute.
Lourdes Txikiko basoa eta Belartza Goikoa eremua lehengoratzeko eskatu dute, eta udalak hori egin bitartean ez dira Donostiako Ingurumen Kontseilu Sektorialera joango. Lourdes Txikiko ehun urtetik gorako hariztia suntsitzearen erantzukina Ramosena izan zela diote. “Egun zonaldea ez da lehengoratu eta mozketaren egileak zer isuna jaso duen ez da argitara eman”.
Belartzako hirigintza proiektuei dagokienez, Haritzaldek eta Eguzkik azpimarratu dute hiru aldiz geldiarazi zituztela lanak legalitatea urratzen zutelako. “Nahiz eta Plan Orokorrean industriarako lurzoru gisa agertu, egitasmoari argi berdea eman zioten, eta udalak lanak kontrolatu eta zorrotz jokatu ordez, kontrakoa egin zuen. Eremu hartatik enpresa sustatzaileak ateratako harri pila ikaragarria Belartza Goikoan isuri zuen, inongo baimenik gabe eta ingurumen inpaktu handiak sortu”. Horretarako, Donostiako Udalak baimen “ilegala” eman zuela salatu dute.
Belartzako afera behin eta berriz salatu zuten, eta ez zuten ezer lortu epaitegietara jo zuten arte. Azkenean, EAEko Auzitegi Nagusiak arrazoia eman zion Haritzalderi. “Udalak, hau da, Enrique Ramos jaunak emandako baimena legez kontrakoa zen. Horregatik, berriz ere, Ramosen dimisioa eskatu genuen”. Epaiak dio eremua ahalik eta azkarren lehengoratu behar dela, eta agindu aurki iritsiko da udaletxera.
Udal hauteskundeen ostean, Ramos Ekologia zinegotzi izendatzea “adar jotze” bat dela diote bi ingurumen elkarteek. “Eta gainera, Donostiako Ingurumen Kontseilu Sektorialaren presidentea denez, aholkularitza batzorde horren bilerak zuzenduko ditu. Badirudi aurpegira barre egin nahi digutela eta ez gaude prest”. Ramosi berari jakinarazi diote euren eskaera parte hartu duten azken bileran.

