Metroaren lanengatik San Martin kaleko errei bat moztuko dute datorren astean
Hilaren 28tik aurrera, San Martin kaleko errei bat itxita egongo da metroaren igarobidearen lanak direla eta. Izan ere, Erdialdean-Kontxan egongo den geltokirako Loiolako sarbidea edo kanoia eraikitzeko lanen fasea abiatuko dute.
ETSek jakinarazi duenez, lanak konplexuak izango dira, eta errepideko zein oinezkoen trafikoan eragina izango du. Batez ere, San Martin kalean. Horrela, Urbieta eta Hondarribia kaleen arteko tartean, gurpil gaineko trafikoa era partzialean moztuko da. Zortzi hilabete inguruko iraupena izango du mozketa partzialak. Hasiera batean errei bat moztuko da, eta ondoren bigarren erreiaren mozketa gehituko zaio, bost metroko sakoneran dagoen euri uren kolektorearen desbideraketa egin ahal izateko.
Fase honetan egingo dituzten lanekin zerbitzu jakinen desbideraketak egingo dituzte. Hala nola, lur azpiko linea elektrikoak, telefono komunikazioak, gas hodiak, argiteria publikoa, semaforoak eta hornidura eta saneamendu hartuneak.
ETS eta Donostiako Udala elkarlanean ari dira, obren eraginak murrizteko eta behar diren desbideratzeak diseinatzeko. Esaterako, fase honetan San Martin kaleko eragina partziala bada ere, Easo kalean garai berean errei bat trafikorako berriz irekitzea aztertzen ari dira. Horrela, bi kaleak ez lirateke aldi berean erabat moztuta egongo, eta Erdialdean pilaketak murriztea bermatuko litzateke.