Agifesek depresioa, suizidioa eta dolua izango ditu hizpide, Depresioaren Inguruko II. Jardunaldietan
Bi egunean behin, pertsona batek bere buruaz beste egiten du Euskal Autonomia Erkidegoan. Era berean, gizonezkoen %9ak eta emakumezkoen %17ak sufritzen ditu depresioaren sintomak. Datu “kezkagarri horiek” abiapuntu gisa hartuta, eta iaz egindako Depresioa eta Estigma jardunaldiei jarraituz, Depresioaren Inguruko II. Jardunaldiak antolatu ditu Buru Osasun Arazoa duten Pertsonen eta Senideen Gipuzkoako Elkarteak. Topaketa udaletxean egingo dute, urriaren 28an eta 30ean, 18:00etatik 20:30era.
“Lehen mailako hizlariek hartuko dute hitza, buru osasunaren arloko profesionalek, zein euren esperientziari buruz hitz egingo duten pertsonek”, azaldu dute antolatzaileek. Hizlarien artean egongo dira, besteak beste, Edurne Pasaban alpinista, doluaren gaia jorratuko duen Bidegin elkarteko Izaskun Andonegi eta Andrea Gabilondo psikiatra; azkenak Euskadiko Suizidioaren Prebentziorako Estrategia aurkeztuko du.
Jardunaldietan parte hartzea doakoa da eta interesa dutenek izena eman beharko dute datu pertsonalak inscripciones@agifes.org helbidera bidaliz, eta 943 47 43 37 telefonora deituz. “Izen-ematea ez da nahitaezkoa, baina bai gomendagarria aretoaren edukierarengatik” jakinarazi dute antolatzaileek.
Egitaraua
18.00 – 18.15 Eneko Goia, Maite Peña eta Aitziber San Roman: Ongietorria
18.15 – 18.25 Agifes: Jardunaldien aurkezpena
18.25 – 19.00 Andrea Gabilondo (psikiatra): Euskadiko Suizidioaren Prebentziorako Estrategiaren aurkezpena
19.00 – 19.10 Atsedenaldia
19.10 – 20.10 Edurne Pasaban: “Arrakastaraino espedizioa: helburuak lortuz eta zailtasunak gaindituz”
20.10 – 20.30 Hizlariei zuzendutako galderen txanda
18.00 – 18.10 Agifes. Hurbildu programaren aurkezpena: sufrimendu psikiko egoeran dauden pertsonei eta depresio sintomak dituztenei zuzendua
18.10 – 19.10 Izaskun Andonegi (Bidegin): “Suizidioaren ondorengo dolua: mitoak hausten, kontzientzia eraikitzen”
19.10 – 19.20 Atsedenaldia
19.20 – 20.00 Belen Perales: “Zure suizidioaren ondoren”
20.00 – 20.30 Hizlariei zuzendutako galderen txanda