'Altza Hadi 12 egun euskaraz' egitasmoa egingo dute Altzan
Egunerokotasunean euskara erabiltzeko Altza Hadi 12 egun euskaraz erronka egingo dute Altzan, azaroaren 22tik abenduaren 3ra. Auzoko hainbat erakunde eta elkartek euskara ulertu edo hitz egiten duten auzotarrei zuzendutako erronka da, egunerokoan orain baino euskara gehiago erabiltzeko helburuarekin, “konplexurik gabe, harrokeriarik gabe”.
Joan den urteko Euskaraldian egin zuten moduan, Altzan ere belarriprest eta ahobizi figurak egongo dira, hurrenez hurren, euskara ulertzen dutenak eta besteak beraiekin euskaraz hitz egitera animatu dituztenak, eta euskaraz hitz egiteko gai direnak eta jarrera aktiboa izango dutenak, alegia. Ahobizien kasuan, astebetez aktiboki arituko dira euskaraz, eta beste astebetez belarriprest rola hartuko dute, bakoitzak duen txandaren arabera. 515 ahobizi eta 212 belarriprest lortzeko erronka jarri dute antolatzaileek. Parte hartu ahal izateko, egitasmoaren webgunean izena eman beharra dago, eta Altzan jaio, bizi edo lan egitea, eta euskaraz jakin edo ulertzea dira baldintza bakarrak.