Txilen protestan ari direnei elkartasuna adierazteko elkarretaratzea egingo dute
Txilen, metroko prezioaren igoerak eragindako protestek kalean jarraitzen dute, gobernuaren eta herrialdeko sistema politikoaren aurkako mugimendu bilakatuta. Azken egunetan, poliziak eta militarrek manifestarien aurka erabilitako indarkeriak liskarrak areagotu ditu, eta dagoeneko hemezortzi pertsonak galdu dute bizitza protestetan.
Txileko Barne Ministerioak onartu du militarrek gutxienez lau pertsona hil dituztela, hiru tirokatuta eta beste bat ibilgailu batekin harrapatuta. Horrez gain, 2.000 pertsona inguru atxilotu dituzte protestetan parte hartu izana egotzita.
Txilen protestain ari direnei elkartasuna adierazteko asmoz, Donostian hainbat eragilek elkarretaratze bateratua egingo dute ostegunean Bulebarrean, 19:00etan, Memoria dugulako, elkartasuna! lelopean.