Zezenketen inguruko galdeketa bat egiteko araudiaren baliogabetasuna berretsi du Espainiako Auzitegi Gorenak
Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi egin du Donostiako Udalak 2015ean aho batez onartutako herri kontsulten araudiaren baliogabetasuna, eta, beraz, ez da zezenketen inguruko galdeketarik egongo. Donostia Antitaurina Orain plataformak zezenketen inguruko galdeketa bat egiteko 10.000 sinadura inguru (beharrezkoak baino 2.000 gehiago) aurkeztu zituen udalean, eta udalak 2016an erabaki zuen galdeketa 2017ko otsailean egitea.
Espainiako Estatuaren Abokatuak galdeketa bertan behera uzteko eskatu zuen 2016ko irailean, eta gaia geldi egon zen 2017ko martxora arte. Orduan, Espainiako Ministroen Kontseiluak ez zion baimenik eman udalari galdeketa egiteko, eta aurtengo otsailean debekua berretsi zuen Espainiako Auzitegi Gorenak. Orain, aldiz, araudiaren baliogabetasuna da auzitegi berak berretsi duena.
Hona, zezenketen auziaren kronologia eguneratua:
2015
- Apirila. Donostiak behin betiko eta aho batez onartu zuen herri kontsultaren araudia.
- Uztaila. Espainiako Estatuaren Abokatuak galdeketa araua inpugnatu zuen.
- Abendua. Donostia Antitaurina Orain plataformak zezenketei buruz kontsulta egiteko sinadurak biltzeari ekin zion.
2016
- Martxoa. Plataformak 10.000 sinadura aurkeztu zituen udaletxean, beharrezkoak baino 2.000 inguru gehiago.
- Maiatza. EAEko Auzitegi Nagusiak baliogabetu egin zuen Donostiako galdeketa araua.
- Uztaila. Udalak zezenketen inguruko galdeketari data jarri zion; 2017ko otsailaren 19a.
- Abuztua. Donostia Antitaurina Orain plataformak manifestazio jendetsua egin zuen, Aste Nagusiko lehen egunean.
- Iraila. Espainiako Estatuaren Abokatuak otsaileko galdeketa behin-behinean bertan behera uzteko eskatu zuen.
- Urria. EAJ eta PSE-EEk adostu zuten Espainiako Gobernuari baimena eskatzea zezenketen inguruko kontsulta egiteko. Irabazik alde bozkatu zuen, PPk kontra, eta EH Bildu abstenitu egin zen.
2017
- Urtarrila. Aurten ere, Ilunben zezenketak egingo direla iragarri zuen Eneko Goia Donostiako alkateak.
- Martxoa. Espainiako Ministroen Kontseiluak ez dio baimenik eman udalari zezenketen kontsulta egiteko.
- Apirila. EAJk, EH Bildu eta Irabazi Donostiarekin batera adostu zuen Ministroen Kontseiluaren erabakiari helegitea jartzea.
2018
- Otsaila. Zezenketen inguruko kontsulta bat egiteko eskatu dute Donostia Antitaurina Orain! plataformak eta Eguzki talde ekologistak.
2019
- Otsaila. Espainiako Auzitegi Gorenak Ministroen Kontseiluak ezarritako debekua berretsi du.
- Urria. Espainiako Auzitegi Gorenak Donostiako Udalaren herri kontsulten araudiaren baliogabetasuna berretsi du.