Branka arropa denda itxiko dute
Groseko Trueba kalean dago Branka arropa denda. Marinel estiloko jantziak eta itsasoarekin zerikusia duten dekorazio produktuak saltzen dituzte han. Lau hamarkada dira Kristina Gomez Mujikaren (Donostia, 1970) gurasoek negozioa zabaldu zutenetik, baina abenduan, saltokia ixtea erabaki dute.
Gutxi dira hirian marinel estiloko jantziak saltzen dituzten dendak, eta horietako bat da Groseko Branka. Arropa saltzeaz gain, itsasoarekin zerikusia duten dekorazio produktuak ere saltzen dituzte Trueba kaleko dendan. Brankari, baina, aste gutxi gelditzen zaizkio, izan ere, jabeek denda ixtea erabaki dute, eta abenduan jaitsiko dute betiko pertsiana. Jabeek erakusleihoko kristalean jarritako kartel batekin jakinarazi diete bezero eta auzotarrei erabakia; «Likidazioa erretiroa dela eta», dio.
Krisane artileak
Kristina Gomez Mujikaren gurasoek jarri zuten negozioaren lehen hazia, duela berrogei bat urte. «Gaur egungo denda nahiko berria da, hasieran, gurasoek artilezko jertseak egiten zituzten, etxean bertan», azaldu du Gomezek. Urte batzuk beranduago, negozioa eraldatzen hasi ziren: lehen denda ireki zuten, eta jarduera nagusia izan zen artileak saltzea. «Garai haietan makinista asko zeuden hemen inguruan, eta guregana etortzen ziren artilea erostera. Materialarekin arropa egiten zuten haiek», kontatu du Brankakoak. Handizka erosten zuten bezero askok, baina auzoko eta hiriko jende asko ere joaten omen zen dendara artilea erostera. Krisane artileak zuen izena negozioak, eta honela azaldu du izenaren esanahia Gomezek: «Ahizpa Ane dut, eta bion izenen arteko nahasketa zen negozioarena». Ordutik hona, erosketa ohiturak asko aldatu direla uste du, eta gaineratu du lehen «beste mota bateko» harremana izaten zutela bezeroekin, izan ere, horietako asko astero joaten ziren dendara, eta horrek, gertutasuna sortzen zuen.
Familiaren hurrengo pausoa izan zen Arkanwool marka sortzea. Artileak saltzetik, euren arropa propioa diseinatu, sortu eta saltzera pasa ziren. «Marka sortu genuen duela 25 bat urte, eta beranduago ireki genuen denda», azaldu du Brankakoak. Marinel estiloko arropak ezagunak bilakatu dira hirian, baita inguruko beste toki askotan ere. Oiartzunen kokatutako tailerrean sortzen dute produkzioa, eta Euskal Herriko kostako hainbat herritan ez ezik, penintsulako iparraldeko beste herri eta hiri askotara ere banatzen dituzte euren produktuak. «Denda itxiko dugu, baina tailerrak funtzionatzen jarraituko du», jakinarazi du Gomezek.
Bezero «leialak»
Arropa pieza bereziak egiten dituzte, eta Gomezek azaldu du auzotarrak ez ezik, hiriko eta lurraldeko bezeroak ere joaten direla dendara. Gainera, nabarmendu du bezero «leial» asko dituztela, euren arropa ondo ezagutzen dutenak, eta eurengan konfiantza dutenak. «Gure produktuak kalitatezkoak dira, eta irauten dutenez, bezeroak ez dira oso maiz etortzen. Hala ere, askok errepikatu egiten dute», azaldu du Gomezek. «Urtean lau edo bost modelo desberdin ateratzen ditugu. Jendea etortzen zaigu dendara gurean erositako arroparekin, eta etiketa ikustean, konturatzen naiz aspaldi erositakoa dela, etiketak aldatzen joaten garelako, eta identifikatzen dudalako noizkoa den», gaineratu du umoretsu.
Era berean, azpimarratu du gazteen erosketa ohiturak aldatzen ari direla, baina onartu du «adinak aurrera egin ahala» jendeak lehentasunak aldatzen dituela. Hain zuzen, kontatu du pertsona helduek kalitatearen aldeko apustua egiten dutela, eta nahiago dutela «jertse on bat noizean behin erosi, kalitate txarrekoak maiz erosi baino».
Hirian ezaguna izateaz gain, Grosen errotutako denda da Branka. «Auzoan jendeak ezagutzen gaituela uste dut, hemen egon garelako bizitza osoan, eta ikastolan ibilitakoak garelako», azaldu du Gomezek. Kontatu du negozioa sortu zutenetik publizitate gutxi egin izan dutela, eta jendeak «ahoz aho» ezagutu duela denda. Gainerako saltokietako jendearekin ere «betidanik» izan dute harremana, baina azkenaldian, auzoa aldatzen ari dela aitortu du dendakoak: «Gure kalea bera asko aldatu da, beste saltoki mota batzuk ari dira eraikitzen, eta sortzen diren harremanak ez dira berdinak, hotzagoak-edo dira». Turismoaren eraginari buruz galdetuta, kontatu du dendara ez dela turista askorik joaten, nahiz eta auzoan gero eta gehiago ibiltzen diren.
«Pena handia ematen digu denda ixteak, bizitza osoa daramagulako hemen», aitortu du Gomezek. Dendako langileak erretiroa hartuko duela baliatuta hartu dute erabakia. «Bezeroek, betikoek batez ere, faltan botako gaituztela uste dut, oso harreman onak egin ditugu urte hauetan», azaldu du dendakoak esker onez. Hortaz, abendura arte zabalik egongo dira Brankako ateak, baina familiak duela lau hamarkada sortutako negozioaren hariak ez du oraingoz etenik izango.