Hainbat hobekuntza lan Amara Berrin
Antso Jakitunaren hiribidean hasi dituzte lanak dagoeneko. Isabel II.aren kalea aldatzeko proiektua onartu dute, eta Etxeberritarren plazan hobekuntzak eskatu ditu auzo elkarteak.
Amara Berriko auzo elkarteak informazio postu bat jarri zuen joan den larunbatean Etxeberritarren enparantzan. Eraikinetako arkupeen eta plazaren artean dauden mailek sortutako istripuak direla eta, auzo elkarteak horiek kentzeko sinadura bilketa jarri zuen abian. Gainera, inguruetako etxeetako postontzietan ere sartu zituzten oharrak, bizilagun gehiagorengana iristeko, eta plazako merkataritza guneetan sinadurak biltzeko paperak utzi zituzten. Auzo elkartekoek jakinarazi dutenez, zonaldeko beste zenbait plazatan konponketak egin ditu Donostiako Udalak, horrela, mailek sortutako istripuak saihestuz. Etxeberritarren plazan ere, hasi dira batzuk konpontzen, baina azaldu dute oraindik asko gelditzen direla kentzeko. «Puntu beltz» gisa kontsideratzen dituzte arkupeetako mailak auzo elkartekoek, izan ere, jende askok estropezu egiten du haiekin.
Sinadura bilketaz gain, auzo elkarteak auzotarren kexak eta iradokizunak biltzeko paperak jarri zituen informazio postuan, eta horiek udalera bideratzeko helburua dute. Amara Berriko auzo elkarteak gehiagotan erabili du sistema hori, bizilagunek euren iritzia jakinarazten laguntzeko: «Kalean postua jartzen dugunean auzotar asko etortzen dira proposamenak egitera, eta guretzat garrantzitsua da, ez garelako denengana iristen».
Donostiako Udalak jakinarazi du auzo elkarteak eskatzen dituen hobekuntzak ez daudela aurreikusita aurrekontuetan, hala ere, gaineratu dute horiek «negoziazio fase betean» daudela. Era berean, gogorarazi dute aurreko legegintzaldian, 2016ko irailean hain zuzen, Merkatari plazan, Donostiako Kofradien plazan, zein Etxeberritarren plazan bertan esku-hartzeak egin zituztela. «750.000 euroko aurrekontua izan zuten, eta mailak ukitu ez baziren ere, hainbat aparkalekuren sarbideak hobetu ziren, eta plazen arteko loturak txukundu ziren». 2016ko abenduan, Etxeberritarren plazako irisgarritasuna hobetzeko hainbat neurri iragarri zituztela azaldu dute, esaterako, arrapalak lautzea.
Antso Jakitunaren hiribidea
Amara Berriko beste aldean, Antso Jakitunaren hiribidean, joan den irailean hasi ziren hobekuntza lanekin. Hain zuzen, kaleko 32 parterreak eta inguruko baldosak kenduko dituzte, forjatuak hobetu eta garajeak iragazgaiztearekin batera. Udalak azaldutakoaren arabera, kaleko bakoitien aldeko espaloiak 11 metroko zabalera izango du, «zirkulazio berriak ahalbidetuko dituena eta dagoen merkataritzari bultzada emango diona». Errepidetik hurbilen dagoen aldean, 6 metroko zabalera izango duen berdegune bat jarriko dute, orain dauden zuhaitzak mantenduz. Bestalde, kenduko dituzten parterretako palmondo batzuk hiriko beste toki batzuetan jarriko dituzte.
Lanak hiru fasetan egingo dituzte, Arabako parketik hurbilen dagoen etxe-uhartean hasi dute lehena. 2020ko urtarrilaren 14an bukatzea aurreikusten dute, eta udalak jakinarazi du lanak aurreikusitako martxa daramatela. Hala ere, gaineratu dute oraindik goiz dela jakiteko atzerapenik egongo den: «Eguraldiak asko baldintzatzen du horrelako lanetan, eta ezin dugu aurreikusi afekziorik egongo den».
Isabel II.aren hiribidea
Mahai gainean dago ere Isabel II.aren hiribidea berrurbanizatzeko proiektua. Kontratazio espedientea onartu zuen joan den astean Tokiko Gobernu Batzordeak; behin proiektua onartuta, lanak lehiaketara atera behar dituzte. «Horren arabera, gutxienez hurrengo urtearen erdia baino lehen ez lirateke lanak hasiko», adierazi du udalak. Era berean, azaldu dute proiektuaren onarpena urtebetez luzatu dela, «saneamenduaren inguruko hainbat gauza ondo lotu behar izan dituztelako, arazorik ez egoteko». Jakinarazi dute lanak esleitzen direnean, lanen berri emateko bilera bat egitea aurreikusten dutela.
Aste honetan, haserre agertu da Amara Berri auzo elkartea, «beste behin» prentsaren bidez izan dutelako proiektuaren onarpenaren berri. «Isabel II.aren hiribidearen hobekuntza aldarrikatzen daramagu denbora asko, eta bada garaia zerbait egiteko», esan dute. Halaber, azaldu dute Pilar Aranari, Mugikortasun eta Garraio zinegotziari, bilera eskaera bat egin diotela, baina, oraingoz, ez dutela erantzunik jaso.
Eneko Goia Donostiako alkateak joan den astean azaldutakoaren arabera, Isabel II.aren hiribidean oinezkoentzat gune zabalagoak egotea aurreikusten dute, ibilgailuen bi noranzkoak mantenduz. Milioi bat euroko aurrekontua izango du proiektuak, eta sei hilabeteko epean gauzatu beharko dute. Lanak bukatu ondoren, Gregorio Ordoñez kalean eta Felipe IV.aren hiribidean hasiko dituzte berrurbanizazio lanak.