"Metroak ezin du larrialdi irteera bakar bat izan"
Satorralaia herritarren mugimenduak dio metroaren igarobideak segurtasun arauak urratzen dituela. Hans Heydemann alemaniarra aditua da sute arriskuen prebentzioan, eta, hark eginiko txosten bat oinarri hartuta, salaketa bat aurkeztu dute Fiskaltzan.
Zer iruditzen zaizu Donostiako metroaren igarobidearen proiektua?
Ez da beharrezkoa. Donostiaren tamainako hiri batek ez du horrelako azpiegitura baten beharrik. Obra handia da, eta garestiegia. Hiriak duen garraio publikoaren eskaintza ikusita, ez du zentzurik horrelako proiektu bat sustatu izanak. Hiriko autobus sarearekin eta egungo tren zerbitzuekin nahikoa dela esango nuke.
Igarobidea unibertsitatera doazen ikasle zein langileentzat eta Gipuzkoa barrualdetik datozenei konexio berri bat eskaintzeko dela diote agintariek. Nahikoa arrazoi dira?
Nire ustez, ez. Interes orokorrari ez dio erantzuten, esan bezala, hiriak duen garraio publikoaren eskaintza nahikoa delako. Halako proiektuen atzean eraikuntza enpresen interesak egon ohi dira, normalean.
Metroaren igarobideak irregulartasunak dituela jaso duzu txosten batean. Zeintzuk dira urratzen diren segurtasun arauak?
Lehenik eta behin argi utzi behar da trenbideetako tunelak tranpa hutsak direla sute arriskutsu bat sortzen bada. Kasu ezagunak daude hildako eta zauritu askorekin.
Urratzen diren segurtasun neurriei dagokienez, metroak ezin du larrialdi irteera bakar bat izan lau kilometroko ibilbidean. Sute bat gertatuko balitz, eta larrialdi irteera bakarra izanik, ebakuazioan pertsona asko hil daitezke kea bizkorragoa delako, eta kalera atera aurretik itoko lirateke.
Eusko Jaurlaritza burdinbideen AEBetako NFPA 130 araudian oinarritu da segurtasun arauak betetzen dituela esateko. Ordea, ez da egia. Estandar horren arabera, metroaren igarobideak bi larrialdi irteera izan beharko lituzke 1.895 metroko tartean, Bentaberri eta Kontxa artean, eta, hirugarren irteera bat, 1.187 metroko tartean, Lugaritz eta Bentaberri artean. Guztira, hiru larrialdi irteera izan behar ditu.
Pio Baroja pasealekuan egongo da metroaren igarobidearen larrialdi irteera. Bakarra izango da, eta gainera ez ditu segurtasun neurriak bermatuko, ezta?
Horrela da. Larrialdi irteerak 500 metroko luzera izango du, eta 400 eskailera ditu 68 metroko desnibela igotzeko. Gainera, maldaren desnibela %15ekoa da, legez onarturikoaren ia bikoitza. Elbarrientzako ez dago ebakuazio alternatibarik.
Salbamendu igogailu bat falta zaio larrialdi irteerari, lur-azpitik kalera ateratzeko segurtasun neurriak beteta. Sute bat egoten bada, kearen bidea eteteko pareta berezitu bat jarri beharko litzateke, eta gainera, salbamendu igogailuak 25 metro koadroko itxarongela seguru bat izan beharko luke lur-azpian ebakuazioa modu orekatuan egiteko. Horrekin batera, igogailuaren kaleko irteeran beste salbamendu eremu bat egokitu beharko litzateke 500 metro koadrokoa.
Aukerarik izan duzu Donostiako Udaleko ordezkari politikoei zure txostenaren berri emateko?
Nirekin ez dira harremanetan jarri, eta Satorralaiari esan izan dioten bezala, udalak ez omen du eskumenik metroaren igarobidearen lanetan.
Stutgartt (Alemania) hiriko gatazka batek Donostiako metroarenarekin antzekotasunak ditu, ezta?
Bai, eta gertutik bizitzen ari naiz. Han ere hiritarren mugimendu bat sortu zen Stutgartteko udala eraikitzen ari den tren geltoki berrituaren kontra. Proiektuaren berri 1994an eman zuten lehen aldiz, duela 25 urte. Hasieratik erresistentzia moduko bat sortu zen hiritar talde baten aldetik. 1997an sinadura bilketa bat egin zuten proiektua gelditzeko, eta 17.000 lortu zituzten. Aldi berean, ordezkari politiko asko proiektuaren kontra agertu ziren, baina pixkanaka iritzia aldatu zuten.
2006tik eta 2007ra artean proiektuaren aurkako 67.000 sinadura bildu eta aurkeztu zituzten udalean. Dena dela, alkateak esan zuen ez zutela baliorik lanak ordurako adjudikatuta zeudelako. 2005ean onartu zituzten planoak, hortik gutxira adjudikatu zituzten lanak, eta obra aurrera eramateko patronatua 2009an eratu zuten, 4.500 milioi euroko aurrekontuarekin. Azkenik, lanekin 2010eko otsailean hasi ziren.
Zertan datza Stutgartteko tren geltokiaren berritzeak?
Hasieratik berritzaile gisara saldu dute, eta erabilgarritasunari begira ez da horrela izango. Egungo geltokiak hamazazpi nasa zein burdinbide ditu, eta trenek estazioan dute helmuga. Ordea, lurpeko geltoki berrituak zortzi nasa izango ditu, eta sustatzaileek diote trenen trafiko kopurua bikoiztu egingo dela. Geltoki berria ez da helmuga izango, trenek aukera izango dute ibilbidea jarraitzeko.
Segurtasun arauak beteko ditu geltoki berrituak?
Egunero 350.000 erabiltzaile inguru ditu geltokiak, eta soilik bi larrialdi irteera aurreikusi dituzte. Hamalau metroko bidea egin beharko da eskaileretan gora, eta irteera geltokiaren sabaian egongo da. Bestalde, hamasei irteera normal izango ditu, eta horiek geltokiaren gainean jarriko duten plazan egongo dira. Sute bat gertatzen bada geltokian, kearen prebentziorako neurriak ere ez dituzte aurreikusi.
Sinadura bilketez gain, mobilizazio gehiago egin dituzte geltokiaren kontrako hiritarrek?
Bai, noski. Lanekin hasi ondoren, herritar askok eskatu zuten geltoki zaharraren egitura mantentzeko, balio handiko ondarea delako. Mantenduko dute, baina barruko guztia bota dute, eta gainera, merkataritza zentro bat jarriko dute geltoki barruan.
Bestalde, geltoki berritua diseinatu duen arkitektoak traba asko jarri ditu lanekin hasi zirenetik, eta horrek asko atzeratu du prozesua. Adibidez, lur azpiko geltokian 28 zutabe jarri behar dituzte, eta hiru urte behar izan dituzte bakar bat arkitektoak nahi zuen bezala jartzeko.
Abendurako geltoki berritua bukatzea aurreikusi zuten, eta orain diote 2025erako bukatuko dutela. Era berean, 8.200 milioi euroko gastua izango duela diote. Hiritarrek ez dituzte sinesten iragarpen berriak.
Mugarria izan zen 2010eko manifestazio jendetsu bat, ezta?
Urte hartako irailaren 30ean 10.000 lagun inguruk manifestazio bat egin genuen. Era berean, 3.500 poliziak parte hartu zuten, eta lau pertsona zauritu zituzten ura jaurtitzeko kamioiarekin. Horietako bat ia itsu geratu zen erabilitako uraren presioa handiegia izan zelako. Bi egun beranduago, manifestazio are jendetsuago bat egin zen Stuttgarten, eta 100.000 pertsonak parte hartu zuten.
Hamar urteren ondoren hiritarrek mobilizazioekin jarraitzen dute.
Manifestazio jendetsuaren ondoren, geltoki aurreko parke bat okupatu zuten hainbat hiritarrek. Etxola bat jarri zuten informazio gune gisara, alkateak baimenduta. Han jarraitzen dute, eta astelehenero, jai egunetan izan ezik, manifestazio bat egiten dute geltokiaren aurrean. Aste honetan 487. manifestazioa egin dute, eta 500. martxa iristen denerako zerbait berezia egin nahi dute. 2020ko urtarrila bukaeran izango da hori.