Beñat Olearen izaki fantastiko eta beldurgarriak
Beñat Olearen 'Ajuar funerario. Fantasia marrazten' erakusketa ireki dute Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean.
Beñat Olea marrazkilaria (Legazpi, 1987) beldurrezko eta fantasiazko generoaren zale amorratua da, eta inspirazio iturri handia da berarentzat. Jaialdian ireki berri duten erakusketan Ajuar funerario komiki liburuko marrazkien sorkuntza prozesua ikusteko aukera dago. Argitalpenean agertzen diren izaki beldurgarri eta fantastiko horiek nola ondu dituen azaltzen da, zirriborroetatik hasi eta irudiak koloreztatu diren arteko lan guztia. Gainera, beste hainbat lan ere erakutsi ditu, haurrentzako liburuetarako eta bideo jokoetarako egindakoak, besteak beste. Bere ibilbidean eragina izan duten lan horiei guztiei egindako keinu asko daude erakusketan: Tim Burtonen Corpse Bride eta Stanley Kubricken The Shining.
Euskal egilearen lehen lan handia da Ajuar funerario, eta jaialdiak Euskadi Fantastikoa atalera gonbidatu du, bere obra ezagutzera emateko. Erakusketa Udal Liburutegi Nagusian izango da zabalik, azaroaren 16a arte.Fernando Iwasaki idazlearen kontakizun laburren liburua da proiektuaren oinarria. Iwasaki bera jaialdira etorri da erakusketaren aurkezpenera. Izaki beldurgarrien aldeko aldarria egin du, uste baitu pixkanaka beldurra alboratu egin dela, eta adibide moduan jarri ditu Crepusculo sagako “banpiro metrosexualak”: “Niri beldurra ematen didaten banpiroak gustatzen zaizkit. Crepusculokoek ez didate beldurrik ematen. Horrelako bat topatzen baduzu gauez, hozka egitea nahi duzu! Aldiz, gauez moja batekin egiten baduzu topo, ikaratu egingo zaitu. Eta gure gorputzeko gaixotasunak ere beldurgarriak dira, gure barruan hazten baitira, eta hil egiten zaituzte”. Idazleak azaldu du sortzen ari denean haurtzaroko trauma eta beldurrak berreskuratzea gustatzen zaiola: “Haurrak garenean gauza askori diegu beldurra. Zahartzen garenean, ordea, Ogasunari eta dentistarengana joateari diogu beldur gehien”. Erronka nagusia izaki fantastikoekin eta beldurrarekin jolastea dela uste du.