"Gozamena da zuhaitz bat landatzea"
Haritzalde Naturzaleen Elkarteko kideak haziak banatzen ari dira Egian. Gaur, larunbata, eta bihar, igandea, izango dira Egian, parkearen sarreran.
Herritarrak esnarazi nahi dituztela dio Joseba Gurutz de Vicentek, Haritzalde Naturzaleen Elkarteko kideak: “Jendea sentitu dadila aktibo naturaren kontserbazioan. Ezarritako stablishmentaren aurka egitea da, gu izan gaitezke aldaketaren eragileak. Gainera, pozik sentitzen zara zuhaitz bat landatzen duzunean. Gozamena da”. Espezie bakoitza nola landatu behar den azaltzen dute euren postuan, eta haziak banatzen dituzte doan. Gaur eta bihar Egian izango dira, parkearen sarreran, 10:30etik 13:30era. Haritza, lizarra eta astigar zuria lantzeko haziak banatzen ari dira. “Orain landuz gero, otsailerako lehen kimuak aterako dira”, esan du Haritzaldeko kideak.
Haziak lorontzi batean landu, eta lehen bi edo hiru urteetan etxean gorde behar dira. Handitzen direnean, basoan landatu daietzke. Jendearekin hitz egin, zuhaitzen berezitasunak azaldu eta elkartearen berri emateko prest daude kideak: “Herritarrak protagonista izatea nahi dugu. Gero eta pasiboagoak gara, eta konturatu behar dugu kolektibo mailan masa erraldoia izan gaitezkeela. Internet bidez konektatuta gaude, eta ilusio handia duen jende asko dago”.