Ikusmin handia piztu du bizitegi-kapsularen erreplikak
Mugak Nazioarteko Arkitektura Bienalaren harira, Atari Kultura Arkitektonikoa elkarteak 'Nakagin 1:1' instalazioa jarri du Donostiako Nautikoan.
Mugak Nazioarteko Arkitektura Bienalaren harira, Atari Kultura Arkitektonikoa elkarteak Nakagin 1:1 instalazioa jarri du Donostiako Nautikoan. Japoniako Nakagin dorreko bizitegi-kapsula baten erreplika bat da. tamaina errealekoa, 10 metro koadro ditu. Jende andana joan da hura ikustera, eta leihotik begiratu dute, 10 metro koadrotan bizitzea nolakoa den irudikatzeko.
Historia bitxia du Tokioko eraikinak. Japoniako kapsula hotelen aitzindaria da, 70eko hamarkadan eraiki zuten. Kisho Kurokawa japoniarraren lana da, mugimendu metabolistaren ikur nagusia.
Atari elkarteak eraikin berezi honen berri eman nahi du, zer testuingurutan eraiki zen azaldu, arkitektoak zer arazori egin nahi izan zien aurre, bai eta gaur egun zer arazo dituen eta zer arazori erantzun behar izaten dien ere. Bestetik, ikuspegia zabaldu, eta Nakagin eraikinak planteatzen dituen desafioak ere argi erakutsi eta landu nahi ditugu: arkitekturaren mugikortasunaren mugak, etxebizitza eta bizitegien geroa eta ondare arkitektoniko modernoaren babesa, besteak beste.