Lanak direla eta, azaroaren 4tik 7ra itxi egingo dute Espartxoko zubia
Nolanahi ere, oinezkoentzako pasabide txiki bat gehienean irekita izango da zubian. Pasabide hori itxi egingo da, ordea, maniobra bereziren bat egin bitartean.
Txomiñene eta Uba lotzeko Espartxoko zubiaren obrak beste fase batean sartuko dira datorren astean; orduan jarriko dituzte bi estriboen arteko lau habe metaliko handiak. Lau habe handiak jarri ahal izateko, ez da zubi zaharretik pasatzerik izango. Azaroaren 4an, 5ean, 6an eta 7an itxita izango da.
Horrela, astelehenean, azaroaren 4ko 09:30etik aurrera ez da ibilgailurik pasatzerik izango Kristobaldegi pasealekutik Ubako bidera bitartean, Espartxoko zubitik. Horrela, lehen orduan ikastetxe eta lantokietara joateko modua izango da. Ordutik hilaren 7ko 18:00ak arte, Ubegiko zeharbidetik egin beharko da, 27 Industrialdetik Garberara doan bidetik, Ubako bide aldera joan nahi bada. Nolanahi ere, oinezkoentzako pasabide txiki bat gehienean irekita izango da zubian. Pasabide hori itxi egingo da, ordea, habeak altxatzeko aurreneko maniobrak eta beste maniobra bereziren bat egin bitartean.
Azaroaren amaiera aldera-edo zubia behin-behinean irekitzeko moduan izango da, zirkulazioa ireki ahal izateko eran. Hori egindakoan, oinezkoentzako espaloiak jarriko dituzte. Zubi berriak ez du oinik ibaian, 60 metro da luze eta 2,5 milioi euroren aurrekontua du.
Zubi zaharra botatzea izango da azkeneko lana. Astebete-edo pasako dute horretan, eta, hala, aurreikusi dute urtarrilaren azken alderako, eginda izango dela obra osoa.