Gabonetako argiak jartzeko gastua 500.000 euro ingurukoa izango da
IRUTXULOKO HITZAk udaleko iturrietara jo du, datua baieztatzeko, baina arduradunek ez dute informaziorik eman.
Donostiako Udalak lehiaketara atera du Gabonetako argiak jartzeko bigarren sorta bat. Noticias de Gipuzkoa hedabideak jakinarazi duenez, sortaren aurrekontua 265.000 euro ingurukoa da, eta berrikuntza gisa argi eta soinu planetario bat ditu.
Iraila hasieran, beste Gabonetako argiztapena adjudikatzeko beste sorta bat atera zuen udalak, eta Iluminaciones Ximenez enpresari esleitu zioten –216.655 eurokoa–, aurkezten bakarra izan baitzen. Lehen sorta horren barruan daude kaleetako arkuak, Gabonetako bola eta led argia duten hainbat zuhaitza. Bigarren sortaren adjudikazioaren bukaerako prezioa ez da ziurra, baina, guztira, 500.000 euro ingurukoa izango da aurtengo Gabonetako argien gastua; iazkoaren bikoitza. IRUTXULOKO HITZAk udaleko iturrietara jo du, datua baieztatzeko, baina arduradunek ez dute informaziorik eman. “Datu hori ez dugu eskuragarri”, adierazi dute.
Aipaturiko egunkariak argitaraturiko informazioaren arabera, bigarren sorta azaro amaieran adjudikatuko dute, eta azken urteetan argiztapenari gehitu dizkioten hainbat elementu ditu. Besteak beste, Urumea gaineko kuboak, Maria Kristina zubiko arkuak, eta Santa Katalinako eraztunak. Gainera, aurreikusita dago argi-sabai apaingarri bat jartzea, Urumearen gainean eta Gabonetako merkatuaren ibilbidean zehar.
Berritasun nabarmenena, ordea, planetario baten ezarpena izango da. Lehiaketako oinarrietan jartzen duenaren arabera, hamabi metroko diametroa eta zortzi metroko altuera duen metalezko egitura bat nahi dute, 124.000 euroko balioa izango duena. Egituraren barruan ikuskizunak eta Gabonetako merkatuarekin zerikusia izango duten jarduerak egin ahal izango dituzte. Donostiako Sustapenak aurreikusitakoaren arabera, Kontxa pasealekuan kokatuko dute egitura hori.
Gabonetako apaingarriak ezartzeko beharrezko horniketa udalak alokatuko du, baina adjudikaziodun enpresak instalatu eta mantendu beharko ditu. Egunkariak dioenez, Ximenez enpresako langileak hasi dira kaleetan lanean, instalazioaren prestaketak egiten.