«Gobernantza onean» oinarritu dute gobernu programa
Udal gobernuak «hiria eraldatzeko gaitasuna» izango duten ia 500 proiektu zehaztu ditu gobernu programan. Horietako batzuk dira Marrutxipiko sarbide berria, metroa, Kontxa pasealekuko trafikoa lurpetik eramateko aukera, eta Parte Zaharreko Plan Integrala.
Legegintzaldi berriko neurri, priektu eta helburuak zehaztu dituzte 2019-2023 gobernu programan. EAJ eta PSE-EEk osatzen duten udal gobernuaren programak 500 bat jarduera eta proiektu biltzen ditu, eta horiek «Gobernu Onaren printzipioan» oinarritutako hamar ardatz estrategikotan antolatu dituzte.
Joan den asteartean egindako agerraldi batean, programa horretako ideia nagusiak azpimarratu zituzten Eneko Goia alkateak eta Ernesto Gasco Ekonomia Sustapenerako zinegotziak. Programan «hiri proiektu» gisa izendatu dituzten hainbat jarduera zehaztu dituzte, eta Goiaren arabera, horiek «hiria eraldatzeko gaitasuna» duten proiektuak izango dira. Besteak beste, multzo horretan kokatu dituzte Marrutxipiko sarbide berria, metroaren proiektua, Kontxa pasealekuko trafikoa lurpetik eramateko aukera, Bretxako gune berriak, Parte Zaharreko Plan Integrala martxan jartzea, eta abiadura handiko trenaren geltoki berria egitea. Bestalde, beste eragile eta erakunde batzuekin lankidetza izango dela aipatu zuten arkezpenean, «ez atzera ez aurrera dauden zenbait gai desblokeatzeko». Horrela, lehentasunezko helburutzat jo zuten armadak Loiolan dituen lurrak berreskuratzea, «etxebizitza politika garatu ahal izateko», eta Martuteneko espetxearen «amortizazioa».
Bi agintariek esandakoaren arabera, udal gobernua osatzen duten bi alderdiak «jakina den bezala, ez daude gai guztietan ados», baina, funtsean, hiriaren eta donostiarren bizi-kalitatea hobetzeko helburuak batzen dituela baieztatu dute. Goiaren esanetan, aurreko legegintzaldiko «balorazio positiboa» ikusita, amaitu gabe dauden proiektu asko errematatzeaz gain, beste asko jarriko dituzte martxan. Alkateak nabarmendu du hemendik aurrerako jarduna «gardena eta Gobernu Onean oinarrituta» egotea nahi dutela, eta horrelako plan estrategiko batek hori lortzen laguntzen duela.
Hamar ardatz estrategiko
Hamar ildo nagusi jorratu dituzte 2019-2023 gobernu programan. Lehen ardatza «Kalitatezko enplegua eta garapen ekonomikoa» deiturikoa izango da, izan ere, agintariek ezinbestekotzat jo dute enplegua eta aberastasuna sortzea, Donostiarrek eta hirian bizitzea erabakitzen dutenek bizi proiektu bat aurrera eramateko baldintza egokiak izan ditzaten. 70 proiektu aurreikusten dituzte, besteak beste, Talent House II proiektua garatzea, Miramongo Parke Teknologikoaren plan berezia onartzea, Eskusaitzetako poligono industriala garatzea eta 27 Industrialdeko lotura berria eraikitzea, udaletxean turismo bulego berri bat sortzea, eta Tabakalerako Gastronomy Lab laborategi digitala bultzatzea.
Agintaldi berriko lehentasunezko helburua izango da «hiriko bizi baldintzak orekatzen laguntzea, eta hiriko auzo eta aldeen arteko arrakala murriztea»; horretarako, bigarren ardatz gisa zehaztu dute «Gizarte kohesioa». 62 jarduera aurreikusi dituzte, eta horietako batzuk dira Donostia Lagunkoia hiriko plana bultzatzea, Antiguako Gizarte Zerbitzuetako zentroa handitzea, Etxegintzarekin eta Etxebiderekin elkarlanean bazterketa egoeran dauden pertsonentzako etxebizitza aukerak sortzea, indarkeria matxista pairatzen duten emakumeekiko arreta hobetzea, eta abar.
Etxebizitza eta hirigintza ere jorratu dituzte programan. «Jendeak hirian bizi proiektu bat egin ahal izan dezan, aukera izan behar du etxebizitza bat eskuratzeko, bai erosketa bidez, bai alokairu bidez», adierazi zuten. Ildo honen barruko proiektuak gauzatzeko Etxebizitza Planean jasotakoa hartuko dute oinarritzat. Guztira, 42 jarduera jarriko dituzte martxan, eta horietatik nabarmenenak dira alokairuko parkearen kudeaketaren alderdi soziala indartzea, eta «hiri mugarriak» eraikitzea: Sagues, Easoko trenbide hondartza, AHT geltokia eta Tabakalerako plaza berria, eta Santa Klarako itsasargiko Cristina Iglesiasen «mugarri artistiko berria».
Halaber, «Gizalegezko baloreak eta Giza Eskubideak» ardatza zehaztu dute programan. Kasu honetan, gizarteko hainbat arlo eta koletibori begirako proiektuak eta jarduerak aurreikusi dituzte. Besteak beste, Emakumeen Etxearen kokapen berria zehaztea, IV. Berdintasun Plana garatzea, jaietan sentsibilizazio kanpainak sustatzea, LGTB+ kolektiboaren eskubideen ikusgaitasuna bultzatzeko lantalde bat sortzea, eta ikastetxeekin aniztasunaren aldeko lankidetza sustatzea Ongi Etorri programaren bidez.
Bosgarren ildoari honako izena jarri diote: «Erreferentziazko hiria euskararen, kulturaren, sorkuntzaren eta aniztasunaren sustapenean». Ildo horren barruan txertatu dituzte udalerrian eta udal administrazioan euskararen erabilera areagotzeko helburua eta Donostia Kulturaren estrategia eguneratzeko xedea. Proposatu dituzten proiektuetako batzuk dira: Mintzodromoak antolatzea Bagera elkartearekin eta euskaltegiekin elkarlanean, Kirol Entrenamenduetan Euskara Sustatzeko KEES metodologia inplementatzea, eta gazteen kontsumo digitala kontuan hartuta Donostia kulturaren komunikazio digitala lantzea.
Udal gobernuaren ustez, hiriek «eginkizun garrantzitsua» izango dute aldaketa klimatikoaren aurka, eta horregatik, programako seigarren ardatza da «Hiri jasangarria». Sustatu nahi dituzten proiektuetako batzuk dira Klima Aldaketaren Udaleko Barne plana diseinatu eta ezartzea, udal eraikinetan autokontsumoaren ekoizpen berriztagarria %15 areagotzea, eta autobus linea elektriko inteligentea ezartzea.
Hiri ereduari begira jarraituz, «Hiri irisgarria garbia eta zaindua» nahi du udal gobernuak. Hala zehaztu dute zortzigarren ardatzean. Hirigintzako hainbat alderdi ukituko dituzte: segurtasuna, irisgarritasuna, gune publikoen garbitasuna eta mantentze lanak, saneamendu publikoa, eta abar.
Bien ustez, udalak «nahitaez» izan behar du kontuan auzoen arteko hurbiltasuna eta oreka, oinarrizko ekipamenduak diseinatu eta kudeatzeko orduan. Agintaldi honetako gobernu programan, beraz, «Lurralde oreka eta kohesioak» leku garrantzitsua izango duela azaldu zuten. Ildo honen barruan aurreikusten dituzte, esaterako, Loiolako Astiñeneko eta Martuteneko Espartxoko zubiak egitea, Groseko Iztueta zubibidea, Altzako kiroldegia, eta Egiako Plaza Haundiko estalki berria eraikitzea.
Azkenik, Donostia «Hiri osasungarria» izateko apustua egin nahi du udal gobernuak, eta programan adierazitakoaren arabera, herritar osasuntsuak izateko helburuarekin, jarduera fisikoa eta kirola egitea, eta emakumeek kirolean berdintasunez parte hartzea sustatuko dituzte, besteak beste