Bretxako baserritarrek ostegunean jarri ahal izango dituzte postuak
Hasiera batean iragarritako epea luzatu du Donostiako Udalak, eta postuak ez dituzte bihar irekiko. Karpa berri eta zabalago bat jarriko dute Arrandegi eraikinaren aurrean.
Ostegunera arte ezingo dute posturik jarri Bretxako baserritarrek. Denboraleak nabarmen kaltetu zituen postuak larunbat gauerditik igande goizera bitarte, eta gaur ezin izan dituzte ireki. Goizetik lanean ari dira langileak kalteak konpondu eta egoera lehengoratzeko.
Hasiera batean, Donostiako Udalak adierazi du baserritarren arazoa biharko konponduko zela. Ordea, ostegunera arte ezin izango dituzte postuak jarri Bretxa merkatuaren kontzesionarioak harturiko erabaki batengatik. Hain zuzen ere, karpa sendoago bat jarriko dute Arrandegi eraikinaren aurrean, neguan gerta daitezkeen antzeko gertakariei aurre egiteko.
Postua duen baserritar batek IRUTXULOKO HITZAri adierazi dio udala eta Bretxaren kontzesionarioa ez direla eurekin harremanetan jarri. “Ez digute esan postua noiz jarri ahal izango dugun berriz ere”.
Karparen ezaugarriak
Baserritarrek orain arte izan duten karparen antzekoa izango da berria. Luzera bera izango du, baina hiru metro zabalagoa izango da. “Horrenbestez, baserritarrek eta bezeroek gune estali handiagoa izango dute, hara lekua aldatu zutenetik egin duten eskaria aintzat hartuz”, azpimarratu du udalak. Gaur eta bihar artean tailerrean karpa berria egokituko dute, eta asteazkenean instalatuko dute. Ondo bidean, baserritarrek ostegunean ireki ahal izango dituzte euren postuak.