Denboralearen eraginez hiriko parke askok itxita jarraituko dute
Donostiako Udaletik 70 esku-hartze egin zituztela adierazi du Martin Ibabek, Herri Segurtasunerako eta Herri Babeserako zinegotziak.
Larunbat gauerditik igande goizera bitarte, gogor astindu zuen denboraleak hiria. Donostiako Udaletik 70 esku-hartze egin zituztela adierazi du Martin Ibabek, Herri Segurtasunerako eta Herri Babeserako zinegotziak.
“Urteko lehen denboralea da. Zuhaitz asko erori dira hiriko auzoetan. Kristalak ere hautsi dira eta aldamio hainbaten egiturak kaltetu dira. Bretxako baserritarren postuek ere kalte nabarmena izan dute”, azaldu du Ibabek. Kalteak “soilik materialak” izan direla gaineratu du, eta ez dela ezbehar pertsonalik egon.
Hiriko parke asko kaltetu ditu eguraldi txarrak. Egiako parkea guztiz itxita egongo da gaur eta bihar, eta bihar erabakiko dute zer egin. Izan ere, zuhaitz handi bat erori dela esan du Ibabek, eta segurtasuna bermatzea dute helburu. Dena dela, Mikel Laboa pasabidea irekita dago Mundaizera sartzeko.
Aieteko parkea itxita dago, eta soilik zahar etxera sartzeko bidea eta kultur etxearena daude irekita. Miramarren irekita dago jauregirako sarrera, Mirakontxako albotik. Hango segurtasun langileek baimena dute dena ondo egonez gero parkeko atea irekitzeko. Azkenik, Urgullera ezin da igo, eta bakarrik Orixe ikastolarako sarbidea mantenduko dute zabalik.
Pasealeku Berria ere itxita
Bihar goizera arte itxita mantenduko dute Pasealeku Berria, olatu handiek ez dutelako garbiketa behar bezala egitea bermatzen. Bihar, 7:00etan FCCk egingo du garbiketa. Beraz, biharko irekitzea aurreikusten du udalak, eguraldi aurreikuspena hobea delako. Halere, erabakiko dute pasealekua guztiz ireki edo soilik oinezkoentzat. Barandaren bat okertu da denboralearen eraginez, baina ez da bestelako kalterik egon.