Duintasunez hiltzeko eskubidea izango dute hizpide Miramar jauregian
Heriotza Duinaren Nazioarteko Eguna dela eta, topaketa batzuk egingo ditu Duintasunez Hiltzeko Eskubidea elkarteak (DHE) azaroaren 9an, larunbatean. Miramar Jauregian egingo dituzte, 11:00etan hasita, eta hainbat hitzaldi eta proiekzio antolatu dituzte gaiaren inguruan.
DHE-k 1984. urtean hasi zuen bere jarduna, eta ordutik, eutanasiaren despenalizazioaren eta norberaren bizitzaren erabilera askearen alde lan egiten du. “Nork bere gorputzaz eta bizitzaz askatasunez gozatzeko eskubidea sustatzen dugu, eta, orobat, bizitza amaitzeko unea eta bitartekoak askatasunez eta legez aukeratzeko eskubideak” aldarrikatzen dituzte.
Topaketaren irekiera egingo du 11:00etan Elena Arrieta Yarza DHE elkartearen kideak, eta, ondoren, mahai ingurua egingo dute. Hizlariak izango dira Iñaki Olaizola Eizagirre antropologoa, eta Javier Velasco Laiseca DHEko presidentea. Olaizolak Borondatezko heriotza, ikuspegi antropologiko bat hitzaldia egingo du, eta Velascok Norbere bizitzaz erabakitzeko aukera, oraindik onartu gabeko eskubide bat izeneko mintzaldia egingo du.
12:30ean La promesa dokumentalaren emanaldia egingo dute. Ikus-entzunezko lanean Danel Aser Maribel Tellaetxeren semeak eta SOS amatxu elkarteak aurkeztuko dute duela gutxi Docutah zinemaldian atzerriko dokumental onenaren saria lortu duen lana. 13:15 Clownterapia saioa egingo dute, Bazen behin clown taldearekin, eta 13:45ean jardunaldiaren itxiera egingo du DHE Euskadi elkarteko presidenteak, Concha Castells Carrillok.